AKTUALITATEA


| 2020-03-30 16:25:00

Covid-19aren krisian, noraeza da nagusi, inprobisazioa etengabea da. Horrek berez zaila den egoera bat, are eta zailagoa egin du. EH Bilduk estrategia bat jartzen du mahai gainean, koherentea, sinesgarria. Jendartearen osassuna lehenesten duena, eta, aldi berean, egitura produktiboa kontuan duena. Koronabirusaren krisiari eta bere ondorioei aurre egiteko EH Bilduk proposatzen duen estrategia horren ekintza plana bi fasetan banatuko litzateke. 

Mailuaren estrategia

Zientzialari batzuek horrela deitu diote kutsatuen osasun zerbitzuak gainezka egin gabe eta hildakoen kopurua gutxitzeko gai den estrategiari. Bi faseko estrategia da, eta Euskal Herrirako, honela planteatzen dugu:

Lehen fasea: mailu kolpea

Krisiaren hasieran, ahalik eta kolpe handiena eman behar zaio birusaren hedapenari. Horretarako, ahalik eta neurri murriztaileenak hartu behar dira, ahalik eta azkarren. Horrek esan nahi du funtsezkoa ez den ekoizpena gelditzea eta konfinamendua ahalik eta zorrotzena izatea.

Denbora tarte horretan, hartu behar dira behar diren neurri sozial eta ekonomikoak, enpresak stand-by egoeran mantendu daitezen eta jendeak beharrezko diru-sarrerak bermatuta izan ditzan. Aldi berean, ziurtatu behar da ez dela enplegurik suntsitzen. Horretarako, Estatutik datozen laguntza eta neurriak, osatu behar ditugu hemendik aktiba ditzakegun baliabideekin. Ildo horretan, EH Bilduk neurri sorta proposatu die eragile ekonomiko eta sindikalei, erakundeei eta alderdiei. 

Nazioartean nagusitzen ari den doktrina da: gastu publikoa handitzea, jendea eta ehun produktiboa babesteko beharrezkoa den guztia. Aztertu beharko da nola areagotu ditzakegun diru-sarrerak zerga bidez. Eta 2020ko aurrekontua ere berrantolatu beharko da, krisiak markatzen dituen lehentasunen zerbitzura. Une honetan ahalik eta azkarren jokatu behar da eta gastuarena ezin da aitzakia izan. Beharrezko baliabideak jarri behar dira jendeak bere diru-sarrerak gal ez ditzan, eta enpresa eta autonomoen jarduera kaltetua izan ez dadin.

Lehen fase honen helburua, hedapen kurbari mailukada bat emateaz gain (hazkunde indizea 0.5etik behera jarri arte), denbora irabaztea da. Hala planteatzen dute zientzialariek.

Lehen faseak irauten duen denbora tartean test azkarrak lehenbailehen eta modu masiboan egitea ezinbestekoa da. Hala, birusaren jokaeraren inguruko ezagutza handiagoa eta nola aurre egin behar zaion jakiteko.  

Gainera, osasun sistema material medikoz hornitu eta ahalik eta gehien indartu behar dugu. Hori beharrezkoa da gerta daitezkeen gailur berriei, osasun sistemak gainezka egin gabe aurre egiteko.

Azkenik, lehen fase honetan, bigarrenerako azpiegitura diseinatu eta prestatu behar da: testaketa eta miaketa masiboa. 

Bigarren fasea: testaketa eta miaketa masiboa

Gailurra gainditu eta hazkunde indizea 0.5era jaitsi ondoren (0.3 eta 0.5 artean), konfinamendu neurriak pixkanaka altxatzen hasi ahal izango gara. Proposatzen duguna da: egoera ebaluatzea gailurrera iristean, eta orduan aztertzea noiz eta nola eman amaitutzat lehen fasea.

Laburbilduz, bigarren fasea bihurgunea menderatzea lortu duten Asiako herrialdeek egin dutenera ahalik eta gehien hurbiltzea da: test masiboak eta arakatze sakona. Estrategia dibertsifikatua, deszentralizatua eta tokian bertan egina izan behar da, tresna digitalak eta prozedura komunitarioak konbinatuz. Horrek ahalbidetuko du positiboak detektatu; kutsatutako pertsonek izan dituzten kontaktu fisikoak arakatu, berrogeialdian jarraitu, testatu eta konfinatu ahal izatea, positibo eman badute. Eta fokuak agertzen badira, aplikatu beharko dira tokiko konfinamenduak.

Bigarren fase hau denboran luzatuko dela uste dute zientzialariek, ziurrenik txertoa iritsi arte. Beraz, ezingo da zaintza jaitsi. 

Paraleloan, EAEn eta Nafarroan hainbat sektorek osatutako mahaia eratu behar da, krisitik ahalik eta baldintza onenetan ateratzeko neurriak proposatu eta adosteko.

  

Mailuaren estrategia

Deskribapena

Ekintzak

Noiz

1. Fasea

Kutsadura kurba ahalik eta denbora laburrenean, ahalik eta gehien jaistea.

- Kutsadura kurba ahalik eta denbora laburrenean, ahalik eta gehien jaistea. 

- Erabateko konfinamendua. 

- Pertsonak eta enpresak babesteko neurri ekonomikoak hartzea.

- Test azkarrak eskuratzea eta hedatzea.

- Material medikoa hornitzea eta osasun-sistema indartzea.

- Bigarren fasea prestatzea.

Apirilaren erdialdea (garapenaren arabera ebaluatu beharrekoa)

2. Fasea

Gailurren gora-beherak

- Testaketa masiboa eta arakatze zehatza, tresna digitalen eta estrategia komunitarioen bitartez.

- Konfinamendu neurriak pixkanaka eta modu kontrolatuan altxatzea.

- Txertoa iritsi arte, kontrola.

Txertoa iritsi arte