Oñati

Albisteak

Igone Anduaga: "Beharrezkoa da instituzioek lehentasun zerrenda aldatzea, eta herritarrak lehenetsiz kudeatzea inbertsioak eta baliabideak"


Anduaga da arakatzailea eta lehen mailako osasun arretako erizaina. Berarekin hitz egin nahi izan dugu bizi dugun egoeraz.

| 2021-01-24 12:21:00

Zertan datza arakatzaile baten  lana?

Egunero kasu positiboen zerrenda jasotzen dugu eta bakoitzari telefonoz deitzen diogu egoera aztertu, egin beharreko isolamenduaren neurriak azaldu eta haien kontaktu zuzenak bilatzeko. Bilaketak bi modutara egin daitezke, kasu positiboak sintomak dituen edo ez kontuan izanik. Sintomak baditu, hauek hasi baino bi egun lehenagotik hasten gara bilaketa egiten. Asintomatikoa bada, honek egindako froga eguna baino bi egun lehenagoko data hartzen dugu kontuan. Behin honen kontaktu zuzenen zerrenda izanik, kontaktu guztiei deitzen zaie, dagokien frogaren hitzorduak eta neurrien azalpenak emateko.

Kontaktu zuzenen jarraipena arakatzaileok egiten dugu. Kasu positibo askoren kontaktuak esparru desberdinetakoak direnez (sozialak, etxekoak, lanekoak…) sarritan beste zenbait entitateekin lan egin behar izaten dugu.

Osasun arloko ezagutzak beharrezkoak al dira zuen jardunean aritu ahal izateko?

Bai. Osasun arloko zenbait esparrutan lanean jarduten dugun profesionalak gara, horretarako kurtso espezifiko batzuk jaso ditugunak.

Hainbat herrialdeetako esperientziek agerian utzi dute arakatzaileen lanaren garrantzia pandemiari aurre egiteko. EAEn arakatzailearen lana arrakastatsua al da Covid 19ren pandemia kontrolpean hartzeko?

Arakatzailearen lana garrantzitsua da pandemia bat kontrolatu ahal izateko, baina, halabeharrezkoa da jendartearen jokabidea arduratsua gure lanak arrakasta izan dezan. Biak eskutik helduta ez badoaz, ezer gutxi balioko du gure lanak; ez du arrakastarik izango.

Oro har, ematen ari garen azalpen eta jarraibideen aurrean jendeak oso ondo erantzuten du eta hori eskertzekoa da, lan handia baitago honen guztiaren atzean. Jakin badakigu batzuek ez dutela egia esaten; horregatik, zintzotasuna eskatuko nieke, gauzak errazteko eta guk gure eginkizunak ondo bete ditzagun.

Lan karga handia duzue eta bizi duzuen presioa handia da; hori dioskue datuek. Zein baldintzatan egiten duzue lan?

Baldintzak oso gogorrak dira. Azken hilabeteetan, kasuak asko igo dira eta horrek lan karga handia eragin du. Gure lan orduez gain, ordu asko sartu behar izan ditugu. Askotan hamabi orduko lan egunak izan ditugu eta, hala ere, ez da nahikoa izan egunerokotasuneko erronkei aurre egiteko. Gainezka gaude eta arazo hori  baliabide pertsonal faltagatik da.

Arazoak arazo, kasuen azterketa egokiak egitea lortu dugu arakatzaile taldearen esfortzu eta gure inguruan elkarlanean dihardutenen laguntzari esker.

Hilabete batzuk pasa dira lehen bi olatuen artean. Prest harrapatu al gaitu bigarrenak?

Ez gaitu guztiz prest harrapatu; izan ere, lehenengo olatuak sorrarazitako nekea nabari da. Lehen olatua eta bigarrena ezberdinak izan dira. Gaixotasunari buruzko informazio gehiago daukagu orain eta hasieran izan genuen ezjakintasuna ez izateak lasaitu egiten gaitu. 

Lehenengo olatuan ez zen arakatzaile figurarik eta PCR frogak oso gutxi egiten ziren. Orain, aldiz, froga mota ugari atera dira eta, ondorioz, lan karga areagotu.

Baliabide nahikoak jarri al dira zuen jardunean?

Ez, pertsonal falta ikaragarria dago; hori argi eta garbi nabarmendu nahiko nuke. Arakatzailea izateaz gain, erizain lanetan dihardut. Horrenbestez, gure egunerokotasuneko lanez gain, Covid-ak dakarren lan karga gehitu zaigu osasun langileen estresa, antsietatea eta nekea areagotuz. Jasanezina da egoera!

Instituzio eskudunak era egokian kudeatu behar ditu baliabide pertsonal eta materialak. Kasu honetan, kudeaketa eskasa izan da, bi olatuen artean denbora nahikoa egon baita aurreikuspenak egin, lehentasunak berrantolatu eta estrategia eraginkorragoa pentsatzeko.

Test kopurua eta zuen lana zuzen-zuzenean daude lotuta. Zein da probak egitearen garrantzia? Nahikoak egiten al dira pandemiaren hedapena kontrolatzeko?

Test hauek kasu positiboen bilaketa egiten laguntzen dute. Kasu guztien sintomatologia ez da berdina eta paziente asko asintomatikoak dira. Test hauen helburua kasuen bilaketa eraginkor eta fidagarria egitea da.

Une honetan, pandemiaren hasieran ez bezala, inoiz baino froga gehiago egiten dira, baina, sekula ez da nahikoa.

Zein da pandemiari aurre egiteko errezatarik onena, beraz?

Uste dut pandemia honi aurre egiteko errezetarik onena denon aldetik arduratsuak izatea eta zentzuz jokatzea dela. Azken finean, denok gara pandemia honen parte.

Erabakiak osasun irizpideei erreparatuta hartu dira edo beste interes batzuek hartu dute parte?

Badaude osasun irizpideei erreparatuta hartu diren erabakiak eta badaude beste interes batzuek aginduta hartutako erabakiak ere. Denok dakigu osasun irizpideei erreparatu gabe hartutako erabakiek herritarrei egiten dietela kalte. Beharrezkoa da instituzioak gai izatea beraien lehentasun zerrenda aldatzeko eta inbertsioak eta baliabideak kudeatzeko herritarrak lehenetsiz. 

Hirugarren olatua aurreikusten  al duzue?

Pandemia hau erabat berria denez guztiontzat, beti egongo da hobekuntzarako eta ikasteko tartea. Osasun irizpideei erreparatu gabe hartutako erabakiek hirugarren olatu batera eraman gaitzakete eta hau kolpe handia izango da jendartearentzat eta osasun langileontzat.

Zein mezu duzu herritarrentzat?

Herritarrei lasaitasuna eta gurekin konfiantza izatea eskatzen diet. Egoera ez da erraza eta guk haiek ulertzen ditugun moduan, haiek ere gu ulertzea eskatzen diet. Askotan ez gara gai lan kargari eraginkortasunez erantzuteko, ez baitugu baldintza egokietan lan egiten. Horregatik, argi utzi nahi dut arreta falta ez dela nahi ez dugulako, ezin dugulako baizik. Gure ardura beti herritarrak ondo egotea izango da. Denon artean eta elkarlanean gaindituko dugu egoera.