Oñati

Albisteak

Hezkuntza itzulera, segurua eta adostua


Ikasturte hasiera kaotikoaren aurrean, EH Bildutik itzulera segurua eta pedagogikoki egokia bermatzeko proposamen zehatzak egiten ditugu

| 2020-09-10 22:08:00

KOKAPENA

2019/2020ko ikasturte amaieran, jada, esan genuen, COVID-19ak Euskal Herriko hezkuntza sistemek dituzten gabezia estrukturalak eta arrakalak sakondu eta azkartu besterik ez zituela egin. Hau horrela, arrisku eta mehatxuz beterik datorren krisi hirukoitza bizi dugu hezkuntza eremuan ere, baina, hein berean, aukera ere badakar egoera honek, agortutako hezkuntza ereduaren aurrean, herri gisako eraldaketarako urratsak emateari begira.

Krisia aipatzean esaten duguna da hezkuntza sistema hau dagoela krisian, eredua bera. Egiturazko arrakala sakonek definitzen duten agorpen egoera da (haur eta nerabeen eskubideak aintzat ez hartzea, segregazio ezberdinak, hezkuntzaren pribatizazio eta merkantilizazioa, Euskara eta kultur transmisioan atzerapauso larriak, curriculummetodologiak zaharkituak, inbertsio eta baliabide askotarikoen falta... Eta honi gehitu behar diogun Hezkuntza sailak izan duen sektorearekiko harreman hutsa eta gestio eredu erabat bertikal eta aldebakarrekoa.

Gauzak horrela, ikasturte hasiera erabat kaotikoaren aurrean topatzen gara. Ikastetxeetako profesionalen, familien eta ikasleen jarrera eredugarriagatik ez balitz, aurrez-aurreko hezkuntzara itzulera anabasa itzela litzateke. Izan ere, Hezkuntza sailak ez du inongo ahaleginik egin itzulera hau segurua, adostua eta pedagogikoki egokia izan da. 

EAEn, Jaurlaritzaren jarrerarekin jarraituz, Hezkuntza sailak ez du azken 3 hilabeteetan sektoreko eragileekin ezer adostu. Are gehiago, kasurik hoberenean prentsa bidez jakin du hezkuntza komunitateak egoeraren berri. Espainiako erkidego ezberdinak ratioak jaitsi edota plantilla handitzeko borondatea agertzen ari ziren bitartean, EAEko gobernua mutu. Abuztuaren 28ra arte itxaron zuen jarduneko sailburu Cristina Uriartek inongo zehaztasunik ez duen “plana” publiko egiteko.

Hau gutxi ez, eta hezkuntzako gai propio horietaz gain, inongo bitartekorik ez du jarri Jaurlaritzak familia eta lana bateragarri egiteko. Ez dago kontziliaziorako inongo neurririk aurreikusita. Ezta kutsatze kasurik balego, inongo protokolo zehatz eta argirik eginda. 

Hezkuntza eremuari ez ezik eremu produktiboari lotuta dauden, eta jendarte osoari eragiten dioten zaintza beharrak kontuan hartu gabe, egoera berezi honek areagotu dituen beharrak identifikatu gabe, sortuko diren behar desberdinak aurrikusi gabe, ez dio inolako lanketari eutsi. Eta gaur da eguna eremu publikotik zaintza ardura kolektiboari nola eutsiko zaion inolako proposamen egin gabeko egoeran aurkitzen garela.

 

EH BILDUren EKIMENAK

Egoeraren larritasunaren aurrean eta Hezkuntza sailaren inakzioaz jabetuta, EH Bildun maiatzean aurkeztutako JAIKI emergentzia plana oinarri hartuta, itzulera segurua eta pedagogikoki egokia bermatzeko oinarrizko ildoak proposatu ditugu:

- ikasle ratioa 15era jaistea (MOSaren gomendioa)

- neurri horrek dakarren plantilla gehiago kontratatzea (%20 gehiago, 10.000 profesional)

- beharrezkoak diren espazioak egokitzea

- jangela eta garraio zerbitzuak bermatzea

- euskararen berreskurapenerako plan espezifiko bat martxan jartzea eta curriculuma malgutzea

- eta neurri guzti hauek hezkuntza komunitatearekin eta udalekin elkarlanean adostea.

Gobernatzen dugun udaletatik ere uztailean harremanetan jarri ginen Hezkuntza Sailarekin. Eskaera eta eskaintzak zehatzak egin genituen, tartean:

- Ikasturte berria egoki antolatu ahal izateko informazio zuzena ematea udalei; izan ere udalek ikastetxeetako zuzendaritzekin lankidetzan aritzeko ezinbestekoa baita Hezkuntza Sailetik ere informazio zuzena jasotzea.

- Udal zerbitzu eta eraikinetan eman beharreko aldaketa eta egokitzapenei aurre egiteko giza baliabide, baliabide material eta finantzarioen berri ematea udalei.

- Gure udaletako eraikinak hezkuntza komunitatearen eskura jartzen genituela.

- Behar desberdinei ahalik eta hobekien eta seguruen erantzuteko, elkarlanerako prestutasuna genuela.

Gaur da eguna erantzunik sikiera jaso ez duguna.

Hezkuntza sailak, ordea, nahiz eta proposamen hauek sektorearen gehiengoaren eskaerekin bat egiten duten, ez du inongo urratsik eman. Eta, gaur gaurkoz, normaltasun faltsu baten aitzakiapean ez da inongo bitartekorik eskaini, lan karga guztia ikastetxeen eta udalen ardurapean utziz. 

 

MOBILIZAZIOAK

Jaurlaritzaren utzikeria honen aurrean, langileen ordezkaritza osoa duten EAEko 5 sindikatuek (ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT) mobilizazio dinamika iragarri dute hezkuntza etapa eta sare guztietan. Gainera, hasierako deialdia sindikatuek egin badute ere, hezkuntzako eragile ezberdinengana zabaltzea dute asmoa.

Grebaren deialdiak, hezkuntza komunitateak duen egonezin orokorra agerian uzten du, eta Gobernuaren lagakeria nabarmentzen du. Greba hau deitu izanaren erantzulea Eusko Jaurlaritza da, ikasturte segurua eman zedin egin beharreko lanak ez baitu egin.

EH Bildun herritarron osasunaren bermea, babesa eta zaintza helburu duten mobilizazio hauek babesten ditugu, izan ere, aldarrikatzen dutenarekin bat egiten dugu eta aukera paregabea da sektorearekin elkarlanean aldarrikapen horien baitan bide bat egiteko.

Gauzak horrela, arestian aipatutako aldarrikapenak mahai gaineratzeaz gain, hezkuntza eredu hau kolokan jarri eta beharrezkoa dugun eraldaketan urratsak emateko baliatu behar dugu, beti ere, EH Bilduren helburua den Hezkuntza sistema publiko burujabearen norabidean.