Oñati

Albisteak

HAMAR GAI | HAMAIKA BERBA


Oñatiko EH Bildutik 'HAMAR GAI | HAMAIKA BERBA' izeneko hitzaldi zikloa antolatu dugu 2021erako.

| 2021-01-04 12:06:00

Mundua etengabe aldatzen doa, eta egun bizi ditugun erronkak ez dira nolanahikoak. Egunerokotasunaren zurrunbiloak, ordea, momentuan momentukoei erantzutera eta batez ere epe motzeko logikan jokatzera behartzen gaitu. Hala, uste dugu beharrezkoa dela bizi ditugun desafio nagusien inguruan hausnartzeko espazioak sortzea herrian. Hain zuzen, horixe da antolatu dugun hitzaldi zikloaren helburu nagusia: gaur egun munduan ematen ari diren joera nagusien inguruan patxadaz solasean egitea, herritarrekin, eragileekin eta adituekin batera.

Hamar solasaldiz osatuko da zikloa, eta saio bakoitzean gai baten inguruan arituko gara. Gaian aditu diren bi edo hiru hizlarik hartuko dute parte hitzaldi bakoitzean. Jorratuko ditugun gaietako batzuk izango dira: infoxikazioa, fluxu migratorioak, automatizazioa, megahiriak, larrialdi klimatikoa edo genero arrakala. Interes handiko gaiak direla uste dugu, eta gonbidatuko ditugun hizlariak, punta-puntakoak.

Urtarrilean, lehena

Urtarrilean ekingo diogu hitzaldi zikloari. Lehenengoaren izenburua izango da Infoxikazioa: ezagutza eta iritzi publikoaren eraikuntza informazioaren gizartean. Urtarrilaren 13an, asteazkena, egingo da Santa Ana Antzokian, 18:30ean. Ekai Txapartegi, EHUko filosofia irakaslea, informazioaren gizartea deitzen dugun honetan ezagutzaren bueltan sortu den auziari buruz jardungo da. Iraiar Oiarzabal Garako kazetariak berba egingo du hedabideetan ematen den desinformazioaz. Eta Ugo Mayor ikerlariak infoxikazioaren gaia Covid 19aren krisiarekin lotuko du.

Sarrerak aurrez hartzeko aukera

Hitzaldietarako sarrerak aurrez hartzeko aukera izango da Oñatiko Udalaren webgunean eta Txokolateixan. Sarrera doan izango da, baina bizi dugun egoera berezia dela-eta, aurrez hartzea gomendatzen dugu.

Lehenengo hitzaldia: 

INFOXIKAZIOA: EZAGUTZA ETA IRITZI PUBLIKOAREN ERAIKUNTZA INFORMAZIOAREN
GIZARTEAN

  • Urtarrilak 13, 18:30ean
  • Santa Ana Antzokian
  • Hizlariak:
    • Ekai Txapartegi / EHUko filosofia irakaslea
    • Iraia Oiarzabal / Garako kazetaria
    • Ugo Mayor / Ikerlaria