Oñati

Albisteak

Egungo beharretara egokituriko aurrekontuak 2021erako


Hilabeteetako lanketaren ostean, 2021erako aurrekontuak aurkeztu zituen EH Bilduko gobernu taldeak abenduan.

| 2021-01-01 12:17:00

Gura ala ez, Covid-19ak izan du eraginik urteko plangintza lantzean, besteren artean, diru sarreren jaitsiera esanguratsuagatik eta ezohiko partidak sortzeko beharragatik -Covid-19ak eragindako egoerari aurre egiteko, batez ere-. Bada, sarreren jaitsierari dagokionez, aipatzekoa da Gipuzkoako Diputazioak kudeaturiko Foru Funtsean izaniko beherakada: 2020ko aurrekontuekin alderatuta, %7,2 gutxiago (595.000 euro) itzuliko dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Oñatiko Udalari. 

Hori bai, zailtasunak zailtasun, aldaezinezko irizpideari helduta darraigu EH Bilduko gobernu taldeko kideok: pertsonak ditugu erdigunean, eta, horrenbestez, hasiera hasieratik, bazterturik geratu dira ideia horren kontrakoak ziren proposamenak. Hala, 2021eko aurrekontua iazkoa baino %X txikiagoa izango den arren (X euro), behar handiena duten sektoreetara bideraturiko gastuan ez da jaitsierarik izango. Bestetik, mantendu egingo dira herriko eragileei egiten zaizkien transferentziak, horien ekarpena ezinbesteko ikusten dugulako.

Ongizatea

Aurtengo aurrekontuak ere pertsonen eskubidearen, bizi-baldintzen eta ongizatearen mesedetan landu dira, orain arteko zerbitzuak mantenduz, eta, beste hainbat, indartuz. Hori horrela, %21eko igoera izango dute gizarte larrialdietarako diru-laguntzek (200.000 eurokoa da partida). Horrez gain, prebentzio ekintzetarako aurrekontua mantenduko da eta partida berria bideratuko da jubilatuen etxeko hobekuntzetara.

Berdintasuna

Ardatz estrategikotzat dugu berdintasuna, indartu beharrekoa. Lan-ildo berriak landuko ditugu, aurretik zeuden zenbait indartzearekin batera: Jabetze Eskolara bideraturiko partida igoko dugu, berdintasun planari loturiko ekintzekin segituko dugu, 20.000 euro bideratuko ditugu Berdintasun Kontseilura eta 38.000 euroko partida izango da arloari loturiko azterlanetarako zein lan tekniketarako (berdintasun planaren eguneratzea bukatzea, emakume etorkinen inguruko lanketa, LGTBIQ+ diagnostikoa…).

Kultura eta euskara

Covid-19aren testuinguruak gogor kolpatu ditu kulturaren bueltako ekinbideak. Hori leuntzen saiatzeko ahalegin konstantean jardun dugu Oñatiko Udaletik. Eta, horretan geratu barik, alorra indartzeko partidak izango dira aurrera begira. Batez ere, sormena, artea edo ikus-entzunezkoekin loturiko artistak, langileak eta gremioak lehenesteko erabakia hartu dugu. Besteak beste, 110.000 euro izango dira urtean zeharreko ohiko antzerki eta musika programazioetarako; eta, 80.000 euro, kultura-taldeei zuzenduriko diru-laguntzetarako. Horrez gain, Geuretik sortuak egitasmoarendako, musika eskolaren proiektua lantzeko eta etnografia ekintzetarako partidak daude. Era berean, 2021ean, ahalik eta esparru gehienetan bermatu gura dugu euskararen presentzia. Horretarako bitartekoak jarriko ditugu.

Haurrak eta gazteria
 

Ohi moduan, haurren eta gazteen aldeko lanean jarraituko dugu, egoerak hala eskatzekotan, horretarako bitartekoak indartuz. Tartean, gazteen emantzipaziorako diru-laguntzak indartu ditugu (15.000 euroko igoerarekin, 65.300 euro), eta etxe hutsen diagnostikorako partida sortu. Ostera, ordainpeko lanari dagokionez, Covid 19ak gazteengan izandako kalteez jakitun, partida bat sortu dugu haien laneratzerako ekinbideak martxan jartzeko.

 

Hezkuntza

 

Herri Hezitzailearen egitasmoan aurrera urratsak egiten jarraituko dugu; eta, zela ez, Covid-19ak ikastetxeetan eragindako unean uneko beharrak asetzeko eten bariko lanean. Horrez gainera, %14ko gorakada izango dute hezkuntza alorreko inbertsioek (78.000 euro, guztira): hezkuntza-eraikinak, Eskola Bidea proiektua, ikastetxe inguruetako bizikleta aparkalekuak…

 

Partaidetza

 

Partaidetzaren kultura eta izaera komunitarioa indartzen duen gobernantza ereduranzko urratsak egiten segituko dugu, esaterako, ekintza komunitarioaren lanketan sakonduz. Ostera, Gardentasunerako eta Parte-hartzerako ordenantzari zein udal gardentasunari dagozkien urrats berriak egingo ditugu, Eltzia egitasmoa sostengatzen jarraituko dugu… 

 

Sozioekonomia

 

Tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko negozioen alde jarraituko dugu lanean. Zeregin horretan, esaterako, merkataritza biziberritzeko planean adostutako lan ildoen lanketarekin hasiko gara eta 30.000 euroko partida sortu dugu oñati.bonoak.eus plataforma digitalarendako, sektoreari laguntza berri bat emanez. 

 

Auzoak, landa garapena eta ingurumena

 

Datorren urtera begira, alorrari loturiko egitasmo ugari ditugu. Kasurako, 30.000 euro gehiago izango dira auzoetako inbertsioetarako (guztira, 150.000 euro), eta, horrez gainera, 20.000 euro izango dira auzoetako proiektuetarako. Bestetik, Agenda 2030 eta Debagoiena 2030 egitasmoei bultzada emateko, Energia Iraunkorraren ekintza planerako, Urrutxuko zabortegiaren zigilatzearen 2. faserako… partidak sortu ditugu. 

 

Kirola

 

2021ean bukatuko dira Zubikoa Kiroldegiko obrak. Bada, urtean zehar, fase ezberdinetan joango gara instalazio berriak zabaltzen. Baina badira bestelako proiektuak ere. Esaterako, Azkoagaini dagokionez, 165.000 euroko partida aurreikusi dugu bertako irisgarritasun proiekturako eta Lezesarri auzoko sarrerak hobetzeko. 

 

Hirigintza eta zerbitzuak

 

Hirigintza eta zerbitzuen alorrean ere proiektu ugari dira datorren urteari begira. Hor daude herriko gune historikoa eraberritzeko plan berezia, HAPOaren hurrengo fasea, Munazategiko biribilgunea, haur parkeen mantenua eta San Martingoaren eraberritzea…

 

Esan moduan, arduraz landu dira aurrekontuok, egungo egoeraz eta aurrera begira etor daitekeenaz jakitun. Hala, esan daiteke, onartu berri ditugun aurrekontuekin bermatua dugula udalaren egonkortasun ekonomikoa eta ez dela zorpetze beharrik izango. Bada, Hilabeteetako lanak emanak ditu bere fruituak, eta, onartu berritan, datorren urteko planteamenduari ekitea dagokigu, herritarrekin, herritarrendako lanean segitzea.