AKTUALITATEA


| 2020-04-06 17:58:00

Udaletan zuzeneko gestioa egiten gabiltza, zaintzari, kontratazio publikoari, zaurgarritasunak ekiditeari, tasei edota zerbitzuen mantenuari dagozkion irizpideak etengabe ematearekin batera, gobernatzen dugun udaletan guztiak aplikatzen ari baikara. Ildo beretik gabiltza lanean gainerako erakundeetan ere, Gasteiz eta Nafarroa izan, edo Madril zein Bruselara iritsita.

Bizitzaren aldeko hautu radikala da gurea, inor bazterrean utzi nahi ez duena eta aberastasuna banatu eta oparotasuna denontzat bilatzen duena. Neurriak Covid-19aren ondorioz sortutako larrialdian gure herritarrak zaindu eta babesteko beharretik edo/eta arduratik sortzen dira. Herritarren babesa, zaintza eta larrialdiaren kalteordainak murriztea eta etorkizunerako baldintza berriak ezartzeko ardura, hartzen dugu gure gain, inor bazterrean utzi gabe.

Osasun eta sozioekonomikoa den azken krisi honek, agerian utzi du berriro ere, Estatuko markoa agortua dagoela, eta EAJ-PSE-PSNren gobernuek ez dutela askoz hobeto egin. Horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa bilakatu da burujabetzaren bidetik herri honen izaera produktibo, erreproduktibo eta sozialari erantzungo dion marko berria eraikitzea.

Lidergo publikoen garaia da, elkar zaindu eta babesten duen eta denontzat aukerak sortzen dituen herri duin bati dagozkion mailako politika publiko eta komunitarioak artikulatzeko garaia. COVID-19tik babestu behar ditugu herritarrak, baina baita, langabeziatik, pobreziatik, babes faltagatik, zaurgarritasun egoeretatik, zorretatik, etxedesjabetzeetatik. Politika desmerkantilizatu eta bizitza zentroan jartzeko garaia da.

Horretarako, Euskal Herria Bilduk une edo fase desberdinetarako proposamena aurkezten du. Hemen duzu irakurgai: