Oñati

Albisteak

Abiadura Handiko Trena: Amaierarik gabeko zuloa


AHTa ez da errentagarria ekonomikoki, injustua da sozialki eta ez da jasangarria ekologikoki

| 2021-01-20 11:51:00

Hamarkadaz hamarkada sinesgarritasuna galtzen

1987.urtean Euskadiko Garraio Plana sortu eta 1989an Euskal Y-aren lehen aurreproiektua marraztu zutenetik, hamaika izan dira Abiadura Handiko Trenak jasan dituen atzerapenak eta gainkostuak aurrekontuan.

90.hamarkadan zehar Europako Kontseiluak estrategikotzat jo zuen proiektuak indar eta sinesgarritasuna galdu zuen XXI.mendearen hasieran. AHT Gelditu Elkarlana sortu zuten garai hartan sindikatu, alderdi eta eragile sozial ugarik eta proiektu antiekologikoa, antisoziala eta baliabideen xahutzailea zela arrazoitu zuten. 2004.urtean Roberto Bermejo Ekonomia katedradunak Bermejo Txostena argitaratu zuen; AHTaren errentagarritasun sozial eta ekonomiko eza argudiatu zituen bertan.

2006an Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak sinatutako akordioan Euskal Y-aren finantzazioa adostu zuten. Sustapen Ministerioak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako zati bat hartu zuen eta Eusko Jaurlaritzak, berriz, Astigarraga eta Bergara arteko zatia. 2016an, baina, Sustapen Ministerioak Bergarako lotuneko hainbat kontratu baliogabetu zituen, proiektu osoak zuen finantzaketa krisi sakona agertaraziz. Gainera, hiru urte lehenago Frantziako Gobernuak iragarri zuen Lapurdiko AHTaren zatia bertan behera utziko zuela, Espainiako Estatuko beste lotunearekin batera, teknikoki eta finantzieroki jasangaitza zelako.

2018an Europako Kontu Auzitegiak adierazi zuen AHTa ez dela eraginkorra. Europar auzitegiko Oskar Herrics-ek idatztitako txostenak baieztatzen du proiektuak ez duela Europar Batasuna egituratzen, garestia dela eta ez dela aurreikusitako abiadura errespetatzen. Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independienteak (AIREF) ere adierazi du AHTaren errentagarritasun ekonomikoa ezer ez eta minimoaren artekoa dela.

Inoiz iristen ez den Abiadura Handiko Trena

EAEko AHTa martxan jartzeko epea behin eta berriz atzeratu da. 2006an hasi ziren obrak eta behin eta berriz atzeratu da azpiegitura martxan jartzeko eguna: 2010, 2012, 2016, 2018, 2019, 2021, 2024…

Aurreko urtean Arantxa Tapiak, Eusko Jaurlaritzako orduko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak, iragarri zuen azpiegitura 2024an jarriko zela martxan. Iñaki Arriolak, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburu denak, aldiz, argi adierazi zuen uda ostean azpiegitura ez dela amaituko eta martxan jarriko 2024rako. Gogora dezagun Arriolak AHTaren gidaritza izan zuela lehenago ere, Patxi Lopezen lehendakaritzan, eta 2016rako EAEko hiriburuak konektaturik egongo zirela esan zuela.

Europako Kontu Auzitegiko auditoreek  2020ko amaieran azaldu berri dute uste dutela Euskal Y-a bere gaitasun osoarekin martxan jartzea 29 urte atzeratuko dela. Europako trenbide sarearen interkonexioen garapenean jazo diren etengabeko atzerapen eta gainkostuen ondorioz, Auzitegiak azaldu du Espainiako Estatuak hogei urtez jarraitu beharko duela gutxienez itsas eta lurreko bideen menpe merkantzien mugaz gaindiko garraioari dagokionez.

Badirudi tunelaren amaiera urruti dagoela oraindik. Abiaduraren eta eraginkortasunaren izenean sorturiko proiektuari ez zaio amaierarik aurreikusten eta oso posible da amaiera inoiz ez iristea.

Aurrekontu handia, txiki

Datu kuantitatiboak esanguratsuagoak  izan ohi dira kualitatiboen aldean: 10.000.000.000€. Hori baino handiagoa da Euskal Herria zeharkatuko duten AHTaren lerro guztien kostua. Estimazio hori egin daiteke azken urte luze hauetako atzerapen eta etengabeko gainkostuak kontuan harturik. Eta ez dira gutxi izan.

Ohitu egin gara AHTaren gaineko aurrekontuaren gainkostuak maiz irakurtzera: Ana Oregi, Arantxa Tapia, Iñaki Arriola… Egun batean gauza bat esan eta hurrengoan beste bat. Txantxa bat dirudi, baina, zenbakiak ez dira txantxetakoak.

Proiektuaren aurrekontua 2006an egin zuten Madrilek eta Lakuak: 175km-ko ibilbiderako 4.178 milioi euroko aurrekontua. Adostutakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak %40a ordainduko zuen kupoaren bitartez; 118 milioi euro europar funtsetik atera eta gainerako 2.500 milioi euroak espainiar Gobernuak jarriko lituzke.

Obrek, baina, atzerapenak jasan dituzte, horrek eragiten duen aurrekontuaren gainkostuarekin. Egungo gainkostua 1.825 milioi eurokoa da. Hortaz, aurrekontu berria  6.000 milioi eurokoa da guztira. Horrenbestez, EAEko AHTaren zatian %39ko gainkostua izan da. Hain dira asaldagarriak datuak, non Europako adituek adierazi duten Europako Batzordeak tinko jokatu  beharko lukeela estatu kideek proiektua betetzeko ezarritako epeak betetzen direla bermatzeko.

Covid-19aren garaian ere, lehenengo

Hainbat eta hainbat izan gara AHTaren proiektua bertan behera uztea  ez ezik, bizi gaituen pandemia garai larri honetan haren moratoria ere eskatu dugunok. Diru gehiago gastu sozialera bideratzea premiazkoa da: osasuna, enplegua, hezkuntza, pentsioak, mendekotasuna eta etxebizitza. Nolanahi ere, obrek martxan jarraitu dute konfinamendu garaian ere.

Europar Batasunaren berreraikitzeko funtsa Covid 19k sortutako egoerari erantzun irmo bat emateko erabili beharrean, Eusko Jaurlaritzak 2.712 milioi euro bideratu nahi ditu AHTra. Horrek suposatzen du hurrengo lau urteetarako dagoen funtsaren ia %25a proiektu horretara bideratzea.  

Konparaketak saihestezinak dira. 100.000 biztanleko 9,7 ohe daude ospitaleko zainketa intentsiboko unitateetan (ZIU) Espainian; Alemanian, berriz, 29,2 ohe. AHTaren alorrean, alderantziz: Alemanian 1,9 kilometro daude eraikiak 100.000 biztanleko; Espainian 7,2 kilometro. Europako datuak harturik, kalkulatzen da AHTko kilometro batek 25 milioi euroko kostua duela batez beste; 2018an Eibarren zabaldu berri zen ospitaleak 28 milioi euroko kostua izan zuen. Gasteiz eta Iruñea arteko AHTaren lineak duen kostuarekin Eibarkoa bezalako 32 ospitale berri zabal litezke. Koronabirusaren krisiaren harira Eusko Jaurlaritzak hasieran jarritako diru-laguntza 3 milioi eurokoa izan zen autonomoentzat eta 2,5 milioi eurokoa kultura alorreko profesionalentzat; AHTaren 100 eta 83 metroren baliokide dira, hurrenez hurren.

Herri interesaren aurkakoa

AHTa ez da errentagarria ekonomikoki, injustua da sozialki eta ez da jasangarria ekologikoki. Gorago aipatu bezala, Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independienteak (AIREF) adierazi du AHTaren errentagarritasun ekonomikoa ezer ez eta minimoaren artekoa dela. Proiektua jaio zenetik asko izan gara argi genuenok hori eta behin eta berriz errepikatu dugunok; orain, gainera, Europako Kontu Auzitegiak 2019an egindako auditoriako txostenak gure aldarriak baieztatzen ditu. Jasangarritasunari men egiten dieten alternatibek, trafiko eta bidaiari aurreikuspen baikorregiek eta merkantziak garraiatzeko ezintasunak are zentzugabeagoa bihurtzen dute proiektua. Ez da proiektu gardena izan hasieratik; izan ere, ez da prozesu parte-hartzailerik egon erabakiak hartzeko eta ez dira aintzat hartu eragile eta adituen iritziak. Ondorioz, ez da demokratikoa.

Gizarte eredu desorekaturantz

AHTa adreiluan eta hormigoian oinarritutako iraganeko politika ekonomikoen adierazle da; politika sozialen ordez, zementuaren politikak gustuko izan dituen PNVren ezaugarri ezaguterraza. Politika horiek lurralde antolaketa jakin bat dute xede: metropolizazioa. Hau da, biztanleria, jarduera ekonomikoa eta komunikazio-sareak hiri handietan biltzea, haien tamaina handituz, inguruko lurraldeetan dependentzia harremanak sortuz eta, azken batez, gizarte eredu desorekatu eta injustu bat eraikiz. Tokian tokiko garapena erabat desagerrarazi eta herriak eta eskualdeak garatzea ekiditen du proiektu ereduak; eredu zentralista metropolizatua sustatzen du. Fenomeno hori argi aurreikus daiteke, adibidez, Nafarroan hiriburuetatik kanpo geratzen ziren azken tren geltokien leihatilen itxierarekin; hots, Castejon, Altsasu eta Tafallako leihatilen itxierarekin. Beraz, AHTak tren arruntaren amaiera ekarriko du, horrek dakarren ondorio guztiekin.

Alternatiba

Herritik eta herriarentzat eginiko garraiobidea posible da; borondate politikoa behar da. Trenbide politika berria planifikatzeko premia garbia da. Ekologikoki jasangarria, ekonomikoki errentagarria eta sozialki justua den trena izan behar dugu ipar. Horretarako, ohiko tren sarea hobetu behar da; pertsona, herri, hiri eta industrialde guztiak elkartzen dituena, pertsonak eta merkantziak garraiatzen dituena, zonalde denak komunikatu eta haien independentzia areagotzen duena. Azken batez, lurralde antolaketa orekatu bat eraikiko duena.

Espainiako aurrekontuen harira, hitz bi

AHTaren sustatzaile handienetakoa den PNVk ez du galdu aukera guri Espainiako aurrekontuak onartu izana lau haizeetara leporatzeko, horrekin AHTa babesten ari garelakoan. 

Honaino iritsita, argi dugu inork gutxik jar dezakeela zalantzan AHTa bezalako proiektu zalantzagarri batean dirua xahutzen jarraitzearen aurka gaudela. Europatik hasita eremu akademikoraino jaso dituen kritiken jakitun, eta gero eta herrialde gehiago beraien proiektuak atzeratzen ari diren honetan, dirutza hori beste behar batzuetara bideratu beharrean, Abiadura Handiko Trenaren amaierarik gabeko zuloan botatzea ezin dugu inolaz ere babestu. 

Beste kontu bat da estatuko aurrekontuen harira harturiko erabaki koiunturala. Ultraeskuina puzten ari da, eta eskuineko bloke bat gobernura iristearen arriskua gero eta errealagoa da (horren erakusgarri da ustezko “gobernu progresista” botatzeko sektore batzuen etengabeko saiakera). Tesitura horretan, autonomien estatua bera ere zalantzan jartzen duten indar politikoak gobernura heltzeak herri honentzat suposatuko lukeen atzerapausoaren kontziente izan behar dugu eta, horregatik, nahiz eta gobernu honengatik gehiegi ez espero, une honetan egon daitekeen onena dela uste dugu gure helburuetara begira urratsak ematen jarraitzeko. Are gehiago, jendartea babesteko neurriak txartatu ditugu aurrekontuan. Horrenbestez, aukera leihoa zabalik mantentzeko apustua egin dugu, bere momentuan inbestidura babestu genuen bezala.

Aurrekontu hauek ez dira gureak, ezta gutxiagorik ere, baina kontuan izan behar dugu Madrileko kongresuan 350 diputatutik soilik 5 izanda ezin ditugula Espainiako aurrekontuak guztiz baldintzatu, eta ardura politikoagatik babesa ematea erabaki du EH Bilduko oinarri zabalak.