AKTUALITATEA


| 2020-02-10 16:48:00

EH Bildu Talde Parlamentarioaren bozeramailekide Adolfo Araizek kritikatu egin du Guardia Zibilak Nafarroan 200 agente gehiago sartzeko erabakia, Espainiako Gobernuaren ordezkariak iragarritakoari jarraiki. "Erabaki honek joan den larunbatean eskuinak eta ultraeskuinak deitutako elkarretaratzeari emandako erantzuna dirudi, non ikusi ahal izan genuen nola erabiltzen zen Nafarroa propaganda helburuekin, eta Nafarroako autogobernuaren zein Foruzaingoaren aurkako aldarrikapenak egin ziren", gaitzetsi du Araizek.

Zentzu horretan, EH Bilduko parlamentariak gogorarazi duenez, "Nafarroa da segurtasun kidego ezberdinek, eraginkortasun ezaren adibide argi batean, eskumen berdinak erabiltzen dituzten lurralde bakarra". Eta, era berean, gaitzetsi egin du "Nafarroak Europako polizia ratio altuena duela eta badirudi batzuek horrela izaten jarrai dezan nahi dutela".

Beraz, Araizek eskatu bezala, "lehenbailehen egin behar dira transferentziak, ez bakarrik trafikoaren arloan, baita herritarren segurtasunaren arloan ere, horiek Nafarroari baitagozkio, Foruzaingoa Nafarroan erreferentziazko polizia izan dadin, dagozkion segurtasun-eskumenak garatuz", eta "ez dadin jarraitu  Guardia Zibilaren edo Polizia Nazionalaren agenteen ratioa handitzen eskuinaren eskakizun jakin batzuk betetzeko”.