Nafarroa

Albisteak

Nafarrek pairatutako torturak ikertzera premiatu du EH Bilduk Foru Gobernua


| 2021-01-20 12:42:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak galdera bat erregistratu du Nafarroako Parlamentuan, Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollori zuzenduta, “nafar herritarrek pairatutako torturaren dimentsioa ezagutarazteko Foru Gobernuak hartuko dituen neurriak ezagutzeko” helburuarekin. Horrekin batera, “tortura pairatu duten pertsonek euren egia, aitortza eta erreparaziorako eskubidea bermatzeko” Gobernuak zer eginen duen jakin nahi du EH Bilduk.

Atzokoan Giza Eskubideen Estrasburgoko Auzitegiak Iñigo González Etayo nafarraren tortura salaketaren aurrean emandako epaiak “berriz ere zigortu du Espainiako Estatua eta torturak ikertzerako orduan justizia deskalifikatzen duela berretsi du”, adierazi du EH Bilduk. Koalizioak ohar batean salatu duenez, “agerian geratu da Espainiako Estatuak beste alde batera begiratu ez ezik, zigorgabetasuna eskaini eta torturatzaileak estaltzen ere dituela Espainiako Estatuko funtzionarioek egindako urraketen kasuan”.

EH Bilduk elkartasuna helarazi nahi die biktimei, “nazioartera jo behar baitute Espainiako Estatuak sistematikoki ukatzen dien ordaina lortzeko”.

Ildo horretan, Nafarroako Gobernuak “nafar herritarrek 1978tik aurrera pairatu duten tortura ikertzeko zer pauso emanen dituen” jakin nahi du EH Bilduk, “aurreko legegintzaldian 78. urtera arte egindako azterlanari jarraipena emateko”.

“Benetako bizikidetzan aurrera egiteko ezinbestekoa baita tortura kasu guztiak aztertzea eta errealitatea azaleratzea”, koalizioak aldarrikatu duenez. “Justizia lortzeko eta errespetuan oinarritutako bizikidetza eraikitzeko bide bakarra baita”, gaineratu du. Izan ere, “agerikoa da tortura sistematikoki eta helburu politiko jakin batzuekin” erabili izan dela eta “horren ondorio dira, hain zuzen, hainbat nafarren kontrako epai eta espetxealdiak”. Erreparazioaz ari garela, “kontuan hartu beharrekoa da”.