AKTUALITATEA


| 2023-02-01 10:46:00

Laura Aznal, Nafarroako Gobernuko presidentetzarako EH Bilduko hautagaia, Elizondoko alkatearekin eta zinegotziekin bai eta Baztango hainbat merkatari eta ekoizleekin ere bildu da, “euren errealitatea eta proposamenak bertatik bertara ezagutzeko”.

Aznalek aukera baliatu du Francisco Javier Iriarte Elizondoko zaharren egoitza bisitatzeko, eta “balioan” jarri du “Estatuko Gobernuarekin Madrilen gure taldeak egindako negoziazioari esker PGEetan sartutako 4 milioi euroko partida”. “Diru hori erabiliko da zentroa adinekoen ongizatea eta hurbiltasuna ardatz dituen eredura egokitzeko, eta eskualde osoari emango dio zerbitzua”, azpimarratu du.

Era berean, Aznalek azaldu duenez, “badakigu adinekoek nahiago dutela beren etxeetan egon, eta erakundeetatik aukera hori eskaintzeko beharrezko neurriak bermatu behar ditugu”. Ildo horretatik, foru Gobernuarekin negoziatu ondoren alderdiak Nafarroako Aurrekontuetan sartzea lortu duen milioi bat eta erdi euroko partida nabarmendu du Aznalek. “Etxez etxeko arreta-zerbitzua indartzeko balioko du, eta zerbitzu hori asteburuetan ere emango da”.

Aznalek defendatu duenez, “hitzetatik ekintzetara igaro behar da, eta EH Bildutik gure konpromisoa berresten dugu zaintzak erdigunean jarriko dituzten politika publikoekiko”. “Gizarte-arloan, beharrezkoa da zerbitzu publikoak hobetzea eta zabaltzea adinekoen beharrak asetzeko”, gaineratu du. “Horren erakusgarri dira aurrekontu-sail garrantzitsu horiek, baina ezinbestekoa da norabide horretan lanean jarraitzea. Guk ekin diogu bide horri, eta aurrera egiten jarraitzea da gure konpromisoa, kalitatezko zaintza-programa komunitarioak eta erakunde publikoetan jarraituko dutenak bermatzeko lan egiteko”.