Nafarroa

Albisteak

Iruñeko Udalaren erabakia ezeztatzera eta haur eskoletan hizkuntza eskubideak bermatzera premiatu du EH Bilduk Nafarroako Gobernua


| 2021-02-03 12:27:00

EH Bilduk gogor kritikatu du Iruñeko Udalak haur eskoletan euskarazko murgiltze eredua kentzeko hartutako azken erabakia. Joseba Asiron zinegotziaren hitzetan, "ez du ez hankarik ez bururik, ez ikuspegi linguistikotik ez pedagogikotik, hezkuntza arloan inboluzioa da".
 

Asironek salatu duenez, "Navarra Sumak aitzakiatzat erabiltzen du aurreko legealdian EH Bilduk haur eskoletan bultzatutako euskarazko plazen igoera baztertzen zuen azken epaia. Beste behin ere euskara zokoratu eta euskara ikasteko prozesu duin bat bermatzen ez duten ereduen bidez gaztelania eta ingelesean diluitu nahi du euskara". "Modu bereran, kezkagarria da PSNk Navarra Sumari emandako babesa, eskuineko politikekin bat egiten baitute berriz", gaitzetsi du Asironek.

 

Iruñeko Udaleko EH Bildu taldeak adierazpen bat eramanen du biharko osoko bilkurara, Udalak berak egindako haur eskolen eredu aldaketa bertan behera uzteko eskatzeko.
 

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiaren arabera, Haur Hezkuntzako lehen zikloa planifikatzea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari dagokio, eta, ildo horretan, Bakartxo Ruiz, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramailea, kezkatuta agertu da Udalak proposatutako aldaketen inguruan hartuko duen erabakiarekin, izan ere, "ez dakigu zeintzuk izango diren horretarako irizpideak".
 

Bakartxo Ruizek esan duenez, "Hezkuntza Departamentuaren ardura da familiek euren seme-alabak euskaraz matrikulatzeko eskubideak bermatzea eta irizpide pedagogiko eta metodologikoen arabera jardutea". "Hezkuntza Departamentuak 0-3 zikloa hezkuntza ziklotzat hartzen badu, alde batera utzi beharko ditu Udalaren proposamena eta hizkuntza esperimentuak ", adierazi du.

 

Hala, Ruizek "borondate politikoa" eskatu dio Foru Gobernuari, euskarazko murgiltze ereduari ateak irekitzeko eta "kohesio sozialerako elementu" gisa duen funtzioa bultzatzeko.

 

Horretarako, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du Hezkuntza Departamentuari eskatuz "bere esku dauden mekanismoak erabil ditzala, hala nahi duten familiek beren seme-alabak Iruñeko haur-eskoletan euskaraz matrikulatzeko duten eskubidea bermatzeko, eskaintza nahikoa eta geografikoki orekatua eginez". Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen dio "kontuan har ditzala adituen irizpideak 0-3 zikloan hirugarren hizkuntza bat sartzeari dagokionez, eta ez dezala baimendu Iruñeko Udalak euskara eta gaztelaniaren modalitate mistoak ingelesarekin ezartzeko egindako proposamena, Iruñeko haur-eskoletan kalitatezko euskarazko eskaintza bermatuz".

 

Horrela, Bakartxo Ruizek "inboluzioa geldiarazteko, familien eskaerak entzuteko eta zentzugabekeria hori zuzentzeko" eskatu dio Nafarroako Gobernuari. "Interes pedagogikoak eta hizkuntza eskubideek interes politiko eta alderdikoien gainetik egon behar dute", gaineratu du.