Nafarroa

Albisteak

Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugako pasabideak irekitzeko eskatu die EH Bilduk Lakuari eta Foru Gobernuari


| 2021-01-22 12:14:00

Koalizio subiranistak mozio bana aurkeztu du Gasteizko Legebiltzarrean eta Nafarroako Parlamentuan, "ezohiko eta premiazko bilera bat deitzeko Akitania Berria–Euskadi-Nafarroa Euroeskualdearen markoan". Hala, EH Bilduk "mugen itxierari heltzea, horrek inguruko bizilagunen mugikortasunean duen eragina aztertzea eta mugak ahalik eta azkarren irekitzea" eskatu du.
 

EH Bilduk salatu duenez, "bigarren aldia da azken urtean Ipar eta Hego Euskal Herriaren arteko mugak ixten direna, terrorismoaren aurkako borrokaren argudiopean". "Iraupen mugagabeko itxiera honek inguruko herritarren eguneroko bizimoduan eta mugikortasunean eragozpen ugari eragiten ari da", salatu du. Gaineratu duenez, "arazo gehigarria da inguruko bizilagunentzat, pandemiaren ondorioz harreman ekonomiko, sozial eta kulturalak nabarmen aldatu baitira".

 

Ildo horretan, EH Bilduk uste du itxiera hori "argudio gutxitan oinarrituta" egin dela, eta horren inguruan emandako "informazio frogagarririk eza" kritikatu du.
 

Era berean, EH Bildu Nafarroak galdera bat ere erregistratu du Foru Parlamentuan, "Nafarroako Gobernuak Euroeskualdeko organoei osasun krisiari aurre egiteko eta mugak ixtearen ondorioak aztertzeko egin dizkien ekimenak ezagutzeko". Galdera urtarrilaren 28ko osoko bilkuran eginen diote Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontsilariari.