Nafarroa

Albisteak

Ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen ikastetxerik diruz ez laguntzera premiatu du EH Bilduk Nafarroako Gobernua


| 2020-11-10 10:47:00

Azken urteotan, “herritarren arteko berdintasuna lortzeko eta sexu, genero edo identitate sexualaren araberako diskriminazioari aurre egiteko” Nafarroan hainbat lege onartu direla gogora ekarri du EH Bilduk, horien artean Emakumeen Kontrako Indarkeriari Aurre Egiteko Legea, LGTBI+ Pertsonen Berdintasun Sozialari buruzkoa eta Emakumeen eta Gizonen Arteko Berdintasunarena.

EH Bilduko bozeramaile Bakartxo Ruizek azpimarratu egin du “gizon eta emakumeon arteko berdintasuna lortzeko aldaketa estrukturalak egiteko hezkuntzak eta hezkidetzak daukan garrantzia”. Horrekin batera, “Nafarroako gehiengo politiko eta sozialak Skolae programa Nafarroako Hezkuntza Sisteman ezartzeko eta berau orokortzeko borondatea sustengu argia” erakutsi duela nabarmendu du, eta “geure ikasleak berdintasunean hezteko hautu estrategikoa” dela defendatu.

Ildo horretatik, Ruizek balioan jarri du Nafarroko Parlamentuaren gehiengoak “sexuaren araberako segregazioa egiten duten ikastetxeek kontzerturik izateko aukerarik eduki ez zezaten” foru legea onartu zuela orain urte batzuk. “Tamalez, LOMCEk blindatu egin zuen aukera hori eta legea indargabetuta geratu zen”, deitoratu egin du.

EH Bilduko bozeramaileak adierazi duenez, “une honetan Kongresuan tramitazioan dagoen LOMLOE legeak irauli egingo du egoera hau, itxura guztien arabera”. “Onartutako zuzenketa baten arabera, osoki edo partzialki diruz lagundutako ikastetxeek ezingo dute ikasleen sexuaren araberako banaketarik egin”, gaineratu du.

 

Testuinguru honetan, Bakartxo Ruizek gogoratu du Nafarroan lau direla sexuaren araberako segregazioa egiten duten ikastetxeak, orain arte itunduta egon direnak Nafarroako Gobernuarekin, finantziazio publikoa jasotzen dutelarik.

 

Hori guztia dela eta, EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak mozioa erregistatu du Nafarroako Parlamentuak adieraz dezan “sexu-segregazioan oinarritutako hezkuntzaren eredu baztertzailea eta bultzatzen dituen balio eta harreman ereduak Nafarroan azken urteotan egindako urratsekin, hezkidetzaren eta berdintasunean oinarritutako politika publikoekin bat ez” datozela. Halaber, mozioak foru gobernua premiatzen du “ikasleak sexuaren arabera bereizten dituen hezkuntza eredua duen inongo ikastetxerik diru publikoz ez laguntzera” bai eta “2021-22 ikasturtetik aurrera gauzatzeko plana hiru hilabeteko epean” aurkeztera ere.

Era berean, Bakartxo Ruizek galdera bat erregistratu egin du Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzenduta. Horren arabera, “sexu-segregazioan oinarritutako ikastetxeak funts publikoekin finantzatzeari uztearen inguruan” Departamentuak egiten duen balorazioa eskatu dio EH Bilduko taldeak, bai eta “zein den irizpide hori indarrean jartzen denetik abiarazteko aurreikuspena” ere.