Nafarroa

Albisteak

EH Bilduren ustez, Pobreziaren aurkako Itunean jasotako konpromisoak "ez-nahikoak" dira


| 2021-02-20 12:07:00

EH Bildu "kritiko" agertu da gaur goizean Nafarroako Parlamentuan sinatutako Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Itunaren aurrean, "jasotzen diren konpromisoetan anbizio falta" dela eta. Patricia Perales Eskubide Sozialen Batzordeko EH Bilduren bozeramaileak adierazi duenez, "aukera bat galdu dugu gure gizartean dauden desberdintasunen murrizketan aurrera egiteko konpromisoetan sakontzeko”.

EH Bilduko parlamentariak kritikatu duenez, "talde politiko batzuek neurri eraldatzaileagoak sartzeko borondaterik ez dute agertu eta, hortaz, justizia sozialean aurrera egiteko eta desberdintasuna arlo guztietan murrizteko erritmoa oso mugatua izanen da". "Gustatuko litzaiguke Itunak neurri gehiago eta eraldatzeko gaitasun handiagokoak jasotzea, egungo beharrei modu eraginkorragoan erantzun ahal izateko; izan ere, premiazkoa da pertsonen arteko ezberdintasunak hazten jarrai ez dezan jardutea", adierazi du.

Ildo horretan, Peralesek defendatu duenez, EH Bilduk Ituna sinatu du, izan ere, "gabeziak dituen arren, argi dago indar politiko guztien artean egiten dugun edozein konpromiso bateratuk aurrera egiten lagun dezakeela, desberdintasun ekonomiko eta sozialak zein pobrezia indizeak murriztuko dituen gizarte baten alde". "EH Bildurentzat desberdintasunak murriztu nahi dituen edozein akordio beti da positiboa", azpimarratu du.

Hala ere, parlamentariak salatu duenez, "egungo sistema ekonomikoa da desberdintasunak sustatzen dituena eta pobrezia gehien sortzen duena. Horregatik, egiturazko aldaketa bat egiten ez dugun bitartean, egiten diren aurrerapausoak ez dira nahikoak izanen ildo horretan ".

Halaber, Patricia Peralesen hitzetan, "gaur egun bizi dugun krisi sanitario, ekonomiko eta sozialak konpromiso serioak eskatzen ditu administrazioen aldetik, ondorio negatiboak beti pertsona ahulenek pairatu behar ez ditzaten".

Hori dela eta, Pobreziaren aurkako Ituna "norabide bat ezartzeko" baliagarria izatea espero du, eta EH Bilduk "asmo handiko proposamenetan" jarraituko du lanean, "sektore ahulenen benetako beharrei eraginkortasunez erantzungo dietenak, desberdintasunak murrizteko helburuarekin".