AKTUALITATEA


| 2021-05-13 11:49:00

EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren agerraldi eskaera erregistratu du, “Skolae programak Auzitegi Gorenaren epaiaren aurrean duen lege estaldurari buruzko azalpenak eman ditzan”.

Halaber, “Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza-sistemako ikastetxe publiko eta pribatu itunduetan Hezkidetza arautzen duen Foru Dekretuaren Proiektuaren alderdi garrantzitsuenak azaltzeko” ere eskatu dio EH Bilduk Gimeno kontseilariari.

Bakartxo Ruiz EH Bildu Nafarroako talde parlamentarioaren bozeramaileak kritikatu duenez, epai berri honekin "sektorerik erreakzionarioenek Skolae programak hasieratik jasan duen etengabeko erresistentzian eragin nahi dute". Hala, azpimarratu duenez, "Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurreko epaiak egin zuen bezala, Auzitegi Gorenaren epaiak ere ez du Skolae programaren edukia baloratzen". Hori dela eta, "ustezko forma-akatsak ezin du, inolaz ere, Skolaeren inplementazioa geldiarazi; izan ere, nahikoa lege-estaldura du eta Hezkidetza Dekretua onartzeko atarian gaude", adierazi du EH Bilduko bozeramaileak, eta Nafarroako Gobernuaren “erantzun irmoa” espero duela gaineratu du.

Ruizek Skolae balioan jarri du beste behin, "hezkidetza programa aitzindaria delako eta ospe handia lortu duelako, nazioartean hezkuntza erreferente bihurtuz". Horregatik guztiagatik, "Hezkidetza Dekretuaren onarpenarekin, Skolae sendotzea espero dugu EH Bildutik, bai eta horren ezarpena bizkortu eta funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietara zabaltzea ere, aurreikusita zegoen bezala". "Argi geratu da Skolae oso tresna baliagarria eta eraginkorra dela emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak gainditzeko, eta hezkuntzatik guztiontzako gizarte justuago bat eraikitzeko, aniztasuna errespetatuko duena", adierazi du EH Bilduko bozeramaileak.