Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk salatu ditu Nafarroako Erdialde eta Erriberan Gobernuko aire-brigadei ezarritako murrizketak


| 2020-09-09 14:22:00

EH Bildu "kezkatuta" agertu da azken egunotan Baso Suhiltzaileek azaldutako salaketengatik, "Bardeak eta Nafarroako Erdialdeko eta Erriberako zati handi bat hartzen dituen aire-murrizketako eremu bat, 'Delta 50' izenekoa, aktibatu egin delako, eta Nafarroako Gobernuaren Aire-Brigadako helikopteroari eremu horretatik pasatzea ukatu egin zaiolako". Koalizio politikoak kritikatu duenez, "horrek eragin du suteak itzaltzeko aireko bitartekoek itzulinguruak egin behar izatea larrialdietara hurbiltzeko, erantzuteko denbora luzatuz eta, ondorioz, larrialdi egoera larriagotuz".


 

Hala, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu ditu, lehenik eta behin, jakiteko "egia ote den 'Delta 50' izeneko eremu hori dagoela, aireko edozein ibilgailuren hegaldia mugatzen duena". Ildo horretan, koalizioak ezagutu nahi du "zenbatetan ukatu zaien baimena aireko bitartekoei suteak itzaltzeko, helikoptero medikalizatua erabiltzeko edo Nafarroako Gobernuaren menpe dauden beste larrialdi batzuetarako".


 

Halaber, EH Bilduk "Hegazkineria Zibilak edo Noaingo Aireportuko kontrol dorreak aireko bitarteko horiei bidea ukatzeko erabilitako arrazoien inguruan" galdetu du. Azkenik, "Departamentua jakitun oten den, inoiz, eremu hori zeharkatzeko baimenik ez izateak eta larrialdiren bati azkarrago erantzuteak larrialdia larriagotu egin duenik".


 

Era berean, Bel Pozueta EH Bilduren Nafarroako diputatuak Kongresura eramanen du gaia, eta azalpenak eskatuko dizkio Espainiako Gobernuari idatzitako galdera sorta baten bidez datozen egunetan.