Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk "positibotzat" jo du 2016an abiatutako aurrekontu hedakorren bideari eustea, eta neurri fiskal berrien beharra azpimarratu du


| 2020-10-07 14:08:00

EH Bilduren ustez, "positiboa" da 2021erako Nafarroaren gastu-muga handitzeak azken 5 ekitaldietako hedapen-ildoari eustea, "politika publikoak indartzea helburu nagusia izan dutenen bide beretik".

 

Horren harira, EH Bilduk defendatu du "orain inoiz baino premiazkoagoa eta beharrezkoagoa" dela "elkarrizketaren eta negoziazioaren bidez aurrekontu aurrerakoiak eratzea, pandemiaren ondorio sozial, sanitario eta ekonomikoak arintzeko helburuarekin". “Gastu-sabaiaren handitzeak ildo horretan lagun dezake”, gaineratu du.

 

Hala ere, Adolfo Araiz EH Bilduko parlamentariak adierazi duenez, "beharrezkoa da diru-sarreren aurreikuspen osoa ezagutzea, aurrekontuen orientazioa ere horren araberakoa izanen baita". Araizen hitzetan, "argi dago diru-sarrera txikiagoak eta aparteko gastu askoz gehiago izanen ditugula, eta, beraz, garrantzitsua da diru-sarrera propioak aktibatzea, Nafarroaren zorpetzeak kota jasanezinak gainditu gabe". Ildo horretan, Araizen ustez, "zorra baliozko baliabide bat gehiago da, baina ezin dugu zorpetzeari eman beharrezkoa izanen den finantziazio gehigarri guztia, etorkizuneko belaunaldiak zorpetuko baititu horrek".


 

EH Bildu “prest” agertu da "2021erako aurrekontuak Gobernuarekin negoziatzeko, iazko bideari jarraituz”. “Baina diru sarreren kapituluak eta gastu sozialen partiden zehaztapena gehiago xehatu beharko dira", gaineratu du Araizek. Hala, bere ustez, "ezinbestekoa da Foru Gobernuak pausoak ematea baliabide gehien dituztenek ekarpen handiagoa egin dezaten politika publikoen garapenean".