AKTUALITATEA


| 2022-03-16 12:49:00

Atzo, Nafarroako Administrazio Auzitegiak (TAN) Atarrabiako Udalari agindu zion udal pilotalekuan jarritako Euskal Herriko armarria ezabatzeko, UPNren tokiko batzordeak aurkeztutako errekurtso bat onartu baitzuen.

EH Bildu Nafarroak salatu du “UPNk epaitegien laguntzarekin inposatu nahi digu sentitzeko modu bat, pentsatzeko modu bat, izateko modu bat. Nafarroaren aniztasuna eta bizikidetzaren aurkako erasoa da, guztiz antidemokratikoa eta atzerakoia dena”.

Talde politikoak adierazi duenez “Euskal Herria kontzeptua eta armarria, lehenik eta behin espresio kultural eta historikoa da. Gurea ere badena, nafar herritarron guztiona dena”. Era berean, EH Bilduk nabarmendu du Euskal Herriari lotutako espresio horren araberako proposamen eta proiektu politikoak defendatzea ezin liteke kriminalizatu, zilegi eta demokratikoa delako. Alderdi politikoak gogorarazi du, “gurea ez dugu inoiz ezkutatu, Nafarroaren erabateko burujabetza nahi dugu Euskal Herria aske batean. Horren inguruan eztabaida politikoa, lehia politikoa, osasun demokratikoaren isla da”.

Ildo horretan, alderdi abertzaleak nabarmendu du “onartezina da epaitegi batek esanahia kulturala eta historikoa duen armarria debekatzea. Izan ere autoritarismoaren espresioa baita, aniztasun demokratikoaren kudeaketaren kontrakoa da ebazpen hau. Eta beste ezeren gainetik, Euskal Herria demokrazian, aniztasunean eta justizia sozialean sakontzeko proiektua baita guretzat”.