Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk aurtengo nekazaritza azpiegituretarako laguntzak gauzatzeko eskatu du


| 2020-09-05 09:58:00

EH Bilduk kritikatu duenez, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak "oraindik ez du abeltzaintzako tokiko azpiegiturak sortu eta hobetzeko laguntzen deialdia ebatzi, aurten gauzatu ahal izateko".

Koalizio politikoak azaldu duenez, "aste honetan bertan laguntzak gauzatzeko epeak luzatu egin direla jakin dugun arren, ez dugu ziurtasunik urtea amaitu baino lehen ebatzi eta gauzatuko diren".

Ildo horretan, EH Bilduren ustez, "COVID-19k eragindako salbuespenezko egoera, plangintzan kaltea eragin lezakeen arren, ezin da aitzakiatzat erabili deialdia ez ebazteko, toki-erakundeek eskaerak aurkezteko epea iazko azaroaren 29an amaitu baitzen".

Hala, "aurten ebazten ez bada, lanak egitea eta gastu hori aurten gauzatzea eragotziko da", salatu du. "Gainera, 2021erako deialdia ez da oraindik aldez aurretik egin, beste urte batzuetan egin den bezala", gaineratu du.

Horrela, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Landa Garapeneko Departamentuari zuzendutako hainbat galdera erregistratu du, "laguntza horien deialdia aurten gauzatzeko zergatik ez den oraindik ebatzi jakiteko". Era berean, EH Bilduk jakin nahi du "ebazpena ez emateak Departamentuak 2020. urtean toki-erakundeentzako laguntzetan, tokiko abeltzaintza-azpiegiturak sortu eta hobetzeko euro bakar bat ere ez duela gastatuko suposatuko duen".

Ildo beretik, EH Bilduk Gobernuari galdetu dio "deialdia ez ebazteak laguntza horietan murrizketa ekarriko ote duen, aurten ez baita ezer gastatuko helburu horrekin". Azkenik, "datorren urterako deialdia 2020 amaitu baino lehen argitaratzea aurreikusten den" galdetu du koalizioak.