Nafarroa

Albisteak

EH Bilduk 62 zuzenketa aurkeztu dizkie Aurrekontuei, zerbitzu publikoak eta herritarren eskubideak indartzeko


| 2020-11-27 13:28:00

EH Bildu Nafarroako talde parlamentarioak 62 zuzenketa partzial aurkeztu dizkio Nafarroako 2021erako Aurrekontu Orokorren Proiektuari, horietako batzuk aurrekontuak ahalbidetuko dituzten beste talde parlamentario batzuekin batera sinatu direlarik.

 

Nafarroako Gobernuarekin lortutako akordioan jasotako konpromisoen ildotik, EH Bilduk Hezkuntza, Eskubide Sozialak, Osasuna eta Kultura arloei nagusiki zuzendutako zuzenketak erregistratu ditu.
 

Ildo horretan, 1.925.000 euroko zuzenketa hauek EH Bilduk aurrekontuen aurreproiektuan sartu zituen 9 milioiko balioko partidei gehitu behar zaizkie.

 

Osasungintzan, EH Bilduk proposatuta aurreproiektuan jada gehitu zen ia milioi eta erdiari, 350.000 euro batu zaizkio, Tutera eta Lizarrako ospitaleetako ekipamendurako zuzenketen bidez, bai eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko proiektu estrategikoetarako kontratazioetarako ere.
 

Hezkuntzan, aurreproiektuan sartutako 1.400.000 euroei beste 505.000 euro gehitu zaizkie irakasleen kotratazioa indartzeko, hezkuntza-azpiegituretan hobekuntzak egiteko eta Pirinioetako ikasleen irisgarritasuna errazteko.
 

Eskubide Sozialei dagokienez, aurretik sartutako hiru milioiei beste 215.000 gehitu zaizkie, haurren eskubideen defentsarako proiektu komunitarioak bultzatzeko eta bestelako partida batzuendako.

 

Kulturari dagokionez, dagoeneko sartu diren 1.365.000 euroei ia 350.000 euro gehitu zaizkie hainbat proiektutan banatuta: 1521eko Noaingo Guduaren ospakizunari, hainbat elkarteri finantzaketan, Antzerki Sareari, Oteiza Museoari, Uharteko Arte Garaikideko Zentroari, Geltokiri...

 

Era berean, Euskarabideari 200.000 euroko zuzenketak aurkeztu izana azpimarratu du EH Bilduk. Komunikabideetan euskara sustatzeko, helduen ikaskuntzarako, euskara sustatzeko elkarteetarako eta abarretarako partidetarako.

 

Gainera, iruzur fiskalari aurre egiteko 150.000 euro bideratu ditu EH Bilduk. Era berean, beste zuzenketa batzuk ere badaude Berdintasunaren intersekzionalitatearekin, gazteen enpleguarekin, jarduera humanitarioekin, Nafarroako ikus-entzunezkoen sektorerako laguntzekin, ingurumenarekin eta ekoizpen ekologikoarekin, banda zabaleko planarekin, gizarte-bazterketarekin eta etxebizitza-premiei buruzko azterlanarekin lotuta, besteak beste.
 

EH Bildu ziur agertu da zuzenketa horiek onartzeak, Aurrekontuak babestuko dituzten gainerako taldeek helarazitakoekin batera, proiektua hobetuko dutela, Nafarroako herritarren eskubideak, zerbitzu publikoen beharrak eta hainbat gizarte-sektoreren beharrak aintzat hartuta.