AKTUALITATEA


| 2019-06-06 13:40:00

Argi dago fase berri bat irekitzen dela. 2015ean lorturiko gehiengo politikoek aukera eman zuten akordio programatikoa lortzeko eta gehiengo egonkorra izateko lau urtez, ibilbide-orri partekatua ardatz izanda. Eta orain ere, gehiengo berriak artikulatzeko elkarrizketari ekin beharko zaio, ezberdinen arteko akordioak erdiesteko eta gobernu egonkorra lortzeko helburuarekin.

Udal mailan, iragan astean hiru irizpide, hiru konpromiso aurkeztu zituen EH Bilduk datorren ekainaren 15eko udalen osaketari begira.

    1. Aldaketaren indarren arteko akordioak lehenestea aukera dagoen tokietan. Alkatetza lehen indarrak hartzen duelarik.

    2. Aldaketaren indarrek gehiengo osorik ez, baina eskuinari aurre egiteko adina dutenean, gehiengo hori artikulatzeko ahalegina egitea PSN barne hartuta.

    3. Eskuina edo alderdi sozialista aukera bakarra direnean, eskuinari atea ixtea.

Horrela, irizpide garden, koherente eta zuzenei jarraiki, helburu bikoitza dugu. Alde batetik, posible denean, eskuinari atea ixtea; eta, bestetik, Aldaketaren politikei eustea. Horretarako, inplikatutako eragile guztiekin hitz egiteko asmoa dugu.

Maiatzaren 15ean, PSNk lehenengo aukera izanen du bere ibilbide historikoa zuzentzeko, eta “EH Bilduri udalak kentzeko obsesioa” alde batera uzteko eta eskuinari ez oparitzeko.

 

Nafarroako Gobernuari dagokionez, helburuak berberak dira, Aldaketaren esparruko edukiei eustea eta eskuinari atea ixtea, alegia. Horretarako, hiru gako ikusten ditugu:

     1. Ez gara hutsetik abiatzen. Egoera ezberdina da, baina 4 urteek bideorri bat utzi dute, norabide bat ezarrita utzi dute erdietsitako akordio batzuekin eta adostutako edukiekin aurrera egiten jarraitzeko.

Bide horretan jarraitzeko konpromisoa hartzen du EH Bilduk, gainontzeko indarrek ere izatea espero duguna. 19 parlamentari du Aldaketak, 26tik  urrun, baina barne norabide horretan bultzatzeko nahiko indar duen blokea da.

     2. Hitz egin behar da. Eta EH Bilduk diposizio osoa dauka hitz egiteko. Ez da onargarria bazterkerian oinarritutako interlokuzio markoa proposatzea. Ez da ulergarria inork sinestarazi nahi izatea eskuinaren alternatiba izanen den gehiengoa osa daitekeenik, EH Bildurekin kontatu gabe. Ez da posible eskuinari aurre egitea 50.000 nafarrek bozkatutako eta 7 parlamentari dituen indar politikoarekin hitz egin gabe.

Hitz egin behar da, egoera askotan hitz egin dugun bezala, eta legegintzaldian zehar ere hitz egin dugun bezala, akordioak lortu ala ez. Kalean normala dena, instituzioetan ere egin behar da.

PSNk errealitatea ukatzen jarraitzen badu, oso ibilbide laburreko politika-fikzioan arituko da. PSNri eskatzen diogu jendeartearekiko zintzoa izateko, argi azal diezaiola benetan eskuinarekiko gehiengo alternatiboak bilatu nahi dituen eta ez soilik inbestidura batetarako, baizik eta gobernatzeko, behar den egonkortasuna lortzeko. Hala bada, nahi eta nahi ez eseri beharko du EH Bildurekin.

Ala, aitzitik, antzerkia egiten jarraituko duen, aitzakiak jartzen Madrilgo interesen eta erabakien mende jarriz eta eskuinari gobernua oparitzeko, beti egin duen bezala.

     3. Erabakiak hemen hartu behar dira, Nafarroan, ez Ferrazen, ez Madrilen, ezta Madrilgo interesei begira ere. Kulebroia ikusten ari gara Ferraz eta PSNren artean eta jendartea nazkatuta dago. Horrela, dei egiten diogu PSNri uko egin diezaion kromo trukeari eta erabakiak hemen har ditzan, bazterketarik gabe.