Nafarroa

Albisteak

Bel Pozuetak Barne eta Defentsako ministroen agerraldiak eskatu ditu, Mikel Zabalzaren tortura kasuaren inguruan


| 2021-02-22 17:18:00

Nafarroako EH Bilduko diputatu Bel Pozuetak Fernando Grande Marlaska Barne ministroaren agerraldia eskaera erregistratu du astelehen honetan bertan, Guardia Zibileko goi-agintarien grabazio batzuek Mikel Zabalza nafarra Intxaurrondoko kuartelean torturatuta hil zela baieztatu ondoren. Hala, Pozuetak ministroari eskatuko dio “Mikel Zabalzaren tortura kasuari buruz duen informazioa azaltzeko, Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoek torturen erabilera, bai eta gertakari horiek argitzeko abian jarriko dituen ikerketak ere azaltzeko”.

EH Bilduren ustez, gaur komunikabide batek argitaratutako grabazioek “berresten dute torturaren erabilera sistematikoa izan dela Nafarroan eta Euskal Herri osoan, zigorgabetasun osoz”. “Tabu eta mespretxurik gabe argitu, aitortu eta konpondu beharreko errealitate baten aurrean gaude”, defendatu du koalizioak.

Ildo horretatik, Bel Pozueta diputatuak Margarita Robles Defentsa ministroaren agerraldi eskaera ere erregistratu du, “Luis Alberto Perote CESID koronel ohiak Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzean izan duen inplikazioa azal dezan, ministroak haren inplikazioa ezagutzen bazuen, eta Defentsa Ministerioak agindutako kapitain-igoeraren arrazoiak azal ditzan”.

Era berean, José Manuel Marín Guardia Zibileko Estatu Nagusiko buruaren agerraldia eskatu du Pozuetak, “Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzan zerikusia duten gertakari guztiak eta eragileak ezagutzeko abian jarriko dituen ikerketei buruzko informazioa eman dezan, eta antzeko kasuak gertatu diren, zein diren eta zein egoeratan dauden argitzeko”.

Halaber, Mertxe Aizpurua EH Bilduren Kongresuko bozeramaileak asteazken honetako kontrol-saiora ere eramanen du gaia, eta Pedro Sánchezi galdetuko dio “torturaren erabilera sistematikoa aitortzen ote duen”.