AKTUALITATEA


| 2023-11-07 08:22:00

Azaroaren 2an, osteguna, Lizarrako Udalean egindako ohiko osoko bilkuraren ondoren,

eta UPN gutxiengoan gobernatzen 120 egun baino gehiago daramatzanean, Ruiz de Alda andrearen gobernu taldeak erakutsi duen borondate politiko falta nabarmendu nahi dugu.

 

Lehenik eta behin, UPNk Berdintasun Saileko teknikariaren gaiarekin egiten ari den kudeaketa txarra azpimarratu nahi genuke. Berebiziko garrantzia duen lanpostu honek, indarkeria matxistaren kasuetan laguntza eta aholkularitza emateaz edota gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasunaren aldeko ekimenak gauzatzeaz arduratzen denak, 4 hilabete daramatza teknikarik gabe. Ez dugu aitzakiarik ikusten bi aste baino ez dituztenean behar izan Hirigintza Arlorako beharrezkoa den laguntza bat bilatzeko, arkitekto teknikoaren lanpostua betetzeko oposizioa prestatzen ari diren bitartean. Zergatik ez dute gauza bera egin Berdintasun Sailean? Borondate politikorik ez dagoelako.

 

Bere nagikerian sakonduz, Berdintasun teknikariaren lanpostua aldi baterako betetzeko deialdi publikoa egin dute euskararen ezagutzaren balorazioa sartu gabe, ezta meritu bezala ere, Euskararen Udal Ordenantzan jasotzen bada ere. Aurretik lanpostuaren azterketa bat eginda, erraza zen Berdintasunerako teknikari berriak hizkuntza hau ezagutu beharko lukeela ondorioztatzea; izan ere, arreta pertsonalizatua eta isilpekoa ematen du, eta, beraz, emakume batek arreta euskaraz jaso nahi dabu (horretarako eskubidea du), haren solaskideak ere hizkuntza jakin beharko du. Berriz ere, borondate politikorik eza.

 

Hirugarrenik, azpimarratu nahi dugu UPNk ez duela inolako asmorik informazioa korporazioko kideei helarazteko. Osoko bilkuran argi eta garbi geratu zen alkateari udaltzainburu ohiaren abokatu eta prokuradorearen izendapenari buruz galdetu zitzaionean (ez ahaztu honek Eli gure kidearekin festetako suzirian izandako indarkeriazko ekintza ulertezina). Ruiz de Alda andrea labur erantzun zuen, eta esan zuen ez zuela ulertzen zergatik atera genuen berriro gai hau. Ebazpenaren oinarri zen hitzarmenaren artikulua okerra zela ohartarazteko egin genuen, eta oso larria iruditzen zaigulako Lizarrako alkatetzak udaltzainburuak udal-agintari baten aurka, Elisabet Ciordia Ruiz zinegotziaren aurka, indarkeria erabiltzea babestea.

 

Kirol eta Osasun Saileko presidenteak "Kirol errezeta" bezalako programa garrantzitsu eta ondo baloratua geldiarazteak eragin digun kezkaren aurrean eman zuen erantzuna borondate politiko faltaren adibide da ere. Programa horrek, Osasun Zentroarekin lankidetzan, profesionalek zuzendutako ariketa fisikoa sustatzen du, hainbat gaixotasun eta gaitz tratatzeko. Bada, UPNk programa geldiarazi du, eta hainbat paziente zerbitzu onuragarririk gabe utzi ditu. Egoera horri Brinka! kirol anitzeko udal programa saritua ere gelditu zela gehitzen badiogu, borondate politiko falta baino zerbait gehiagoren aurrean gaude: ezintasunaz ari gara.

 

Osoko bilkuraren amaieran, joan den legegintzaldian La Merced auzoan etxebizitza batzuk eraberritzeko eta auzoko hainbat familia, egungo etxebizitzak trukatuz, bertara eramateko onartutako partidei buruz ere galdetu genuen, baita KerKalí elkarteak eskola-laguntzarako erabiltzen duen lokal bat egokitzeko berogailuz hornitzeko partidari buruz ere. Alkatearen erantzuna: "bai, ezagutzen ditut, ea lehentasun gisa jartzen dudan". Berriz ere, nagikeria eta borondate politikorik eza.

 

Azken batean, azaroko osoko bilkurak eta UPN gutxiengoan gobernatzen daramatzan 120 egunek, hiria aurrera ateratzeko gaitasunik ez duela erakusten dute. Badirudi UPN gehiago arduratzen dela iragana suntsitzean etorkizuna eraikitzean baino. Euskal Herria Bildun oposizioan dagoen gehiengo aurrerakoitik Udalaren norabidea aldatzeko lanean jarraitzen dugu.