Lezo

Albisteak

OSAKIDETZAK BAHEKETA MASIBOA EGITEA ETA SEKTORE ARTEKO MAHAIA OSATZEA ESKATZEN DIOGU ALKATEARI


| 2020-11-03 22:20:00
  • Baheketa masiboa egin behar dela uste dugu. Kutsatze intzidentzi maila jeisteko asintomatikoak azaleratu eta herriko informazio osoena izan behar baitugu.

  • Sektore arteko mahaia osatu behar da bakoitzaren egoera eta beharrak ezagutuz elkarlanean erabakiak hartzea ahalbideratuko duena.

Urriaren 20an, 100.000 biztanleko 500 kutsatu baino gehiagoko batazbestekoa gainditu genuen herrian eta ondorioz, Lezo, COVID-19aren eremu gorrira pasatu zen.

Tamalez, data hartatik gaurdaino egoera ez da hobetu eta astebete baino gehiago daramagu 100.000 biztanleko 1.000 kutsatutik gorako zenbakietan.

Kutsatze maila honekin egoera kontrolpean ez dagoela esan daiteke eta kutsatze komunitario baten aurrean aurki gaitezkeela ere pentsa genezake.

Horregatik, kutsatze intzidentzi maila gehiagora joan ez dadin, baheketa masiboa egin beharko litzakela uste dugu, asintomatikoak azaleratzea garrantzitsua baita. Udal gobernu taldeak baheketa lehenbailehen egitea eskatu beharko lioke Osakidetzari.

Horrekin batera, informazio zuzena eta zehatza eskatu behar dio Osasun Sailari: kutsatuak non eman diren, zein adin tartetan... Neurri egokiak hartzeko ezinbestekoa baita informazio hau guztia izatea.

Egoera kezkagarria bizi dugu. Egoera konplexua da eta aurre egitea oso zaila da. Sektore askotako pertsonen esperientzia, jakintza behar beharrezkoa dugu.

Gobernu talde honek orain arte izan duen jarrera aldatu eta lehenbailehen sektore arteko mahaia (ostalari eta merkatariekin, osasun etxearekin, adinekoekin, hezkuntza komunitatearekin...) osatzea eskatzen diogu, beste behin.

Garrantzi handikoa iruditzen zaigu sektore hauekin harreman zuzena izatea, besteak beste, egoerari bertatik bertarako jarraipena egiteko, herritarren ahalduntzean eta formazioan kolaboratzeko.

Dirudienez, neurri murriztatzaileagoak ezarriko dizkigute laster, orain arteko neurrien eraginkortasun eza herritarron bizkarrean jarriz, ustez izan dugun arduragabekeriaren aitzakipean.

Norberak hartu beharreko neurriak zehaztea beharrezkoa da, baina ez da lortuko behar besteko eraginkortasunik horretarako gardentasunez jokatu, jendeari informazioa egoki helarazi eta erabakiak modu komunitarioan hartu ezean.

Sektore bakoitzaren egoera, beharrak zein diren ezagutu, guztion artean elkar trukatu erabakiak elkarlanean hartzeko. Erabaki hauek erakunde publikoen laguntza neurriekin babestuak izan behar dute. Eta guzti horretan, udalak herritarrongandik gertuen dauden erakundeak izanik, Lezoko Udalak lehen lerroan egon behar duela uste dugu.

Aste eta hilabete gogorrak datozkigu, baina ziur gaude guztion artean, herri gisa arituz ongi erantzungo dugula.

Mila esker Lezo.

Elkar zaindu dezagun.