Lezo

Albisteak

EAJ-PSE TALDEAK AURKEZTUTAKO UDAL AURREKONTUARI OSOKO ZUZENKETA AURKEZTUKO DIOGU


| 2020-11-25 21:56:00

Udal aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztuko diogu, bizi dugun krisialdiari erantzuteko egokitutako aurrekontua behar baitugu.

 

Egungo beharrei erantzuteko beharrezkoak diren inbertsioak jaso behar ditu aurrekontuak. Ezin dira diru gerakinaren edo alkatearen borondatearen menpe egon.

 

2021 urtean 8.800.000€ko udal aurrekontua izango dugu. 2020 urtean izan dugunaren ia kopuru berdina, 40.000€ gutxiago.

 

EAJ-PSE taldeak aurkeztu duen udal aurrekontuak, aurreko urteetako egitura eta diru banaketa berdina du, hau da, COVID-19aren pandemia eragiten ari den osasun krisi, krisi ekonomiko eta krisi soziala existitzen ez ziren urteetako aurrekontu egitura berdina.

 

Herritarren ongizatea eta COVID-19aren krisialdiari aurre egitea baldin badira udal aurrekontuaren lehentasunak, partida horiek aurrekontuan definituta egon behar dute. Beharrak aldatu dira eta behar horien arabera egituratu behar da 2021eko aurrekontua. Ez du zentzurik aurreko urteetako aurrekontu egiturari eusteak eta are kezkagarriagoa da sortu diren beharrei erantzuteko egitasmo berririk ez egotea definituta aurrekontu proiektuan.

 

Horregatik, EH Bildutik aurrekontuari osoko zuzenketa aurkeztu diogu. Egungo behar bereziei erantzungo dioten egiturazko inbertsioak eta garatu beharreko proiektuak definitu eta horietarako aurrekontu partida zehatzak jasoko dituen aurrekontu-proposamena aurkeztu beharra ikusi baitugu.

 

Era berean, udaleko egitura eta zerbitzu batzuren ahuldadeak eta gabeziak azaleratu ditu krisiak. Adibidez:

 

  • Etxez-etxeko zerbitzua. Martxoko konfinamendu garaian, zerbitzua jasotzen zuten herritarren %35a zerbitzua jaso ezinik geratu zen.

  •  

  • Etxez-etxeko langileen lan baldintzak. Erabiltzaile bakoitzari eskaini ahal izateko denbora murriztu zitzaien; babes material egokiaren gabezia (gaur egun, langile bakoitzak FFP2 musuko bakarra du aste osorako); lan pilaketa…Honek guztiak, zerbitzuaren kalitatea kaltetzea eta langileengan estres handia sortzea eragin zuen.

  •  

  • Egoera zaurgarrian dauden herritarrak. Begibistakoa da, egoera honetan, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarren egoerak okerrera egin duela. Halaber, egoera zaurgarrian dauden herritarren kopuruak gora egin du, eta pentsatzekoa da, oraindik ere gora egingo duela, zoritxarrez.

  •  

  • Adin txikikoen atentzioa. Itxialdi eta murrizketek gehien eragin dion sektoreetako bat dugu. Berebiziko garrantzia izan behar du arlo siko-afektibo-emozionalean erreparatzea eta zaintzea.

  •  

  • Herriko ostalaritza, merkataritza, autonomo eta enpresa-txikien egoera. Krisiak zuzen eta gogor jo die. Herriko ekonomia motor garrantzitsuak diren heinean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore hauei zuzenduriko partidak indartzea.

  •  

  • Biolentzia matxista jasaten duten emakumeak. Lehendik ere jasanezinak ziren egoerak areagotu egin dira itxialdiaren ondorioz. Udalaren lehentasunezko lan lerroetakoa izan behar du eta horrek islada izan behar du udal aurrekontuan.

  •  

Eremu horiek guztiak, eta beste hainbat, udalaren betebeharretan oinarrizkoak diren arloak dira guretzat. Horregatik, krisi honek guztiak azaleratu dituen ahuldade, gabezia eta behar berrien aurrean, funtsezkoa dugu egiturazko partidetan beharrezkoa duten diru kopurua txertatzea eta ez, udal gobernu taldeak proposatu duen bezala, udalak izan dezakeen soberakinaren menpe egotea. Ez eta alkatearen (edozein alderdietakoa izanda ere) borondatearen menpe egotea ere, berak kudeatzen duen kreditu globalaren bidez.