Lezo

Albisteak

ALKATEA IZATEN ARI DEN ARDURAGABEKERIA OSO LARRIA DA BIZI DUGUN LARRIALDI EGOERAN


| 2020-09-02 22:30:00
  • Alkateak egindako azken deiarekin herrian alferreko alarma sortu, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jarri eta herritarren osasun asistentzia arriskuan jarri du.
  •  
  • Horregatik, arinkeriaz jokatzeari utzi eta egoerak eskatzen duen arduraz aritzeko, COVID-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore arteko batzordea osatzea proposatzen diogu. Batzordea, alkatea ez den beste inork gidatu beharko luke.

Lehendik ere azaldu izan dugu udalaren aldetik Covid-19ak sortutako osasun larrialdiaren inguruan egiten ari den kudeaketak sortu izan dizkigun kezkak. Oraingo honetan, ordea, alkatearen azken oharrarekin, urrunegi joan dela uste dugu: herrian alarma egoera sortzeaz batera, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jarriz eta herritarren osasun asistentzia arriskuan jarriz.

 

Donostiako bi establezimendu zehatzetan izan zirenen kutsatzeak zirela eta, Tiñelu Elkarteko tabernariak PCR probak egin behar zituela jakinarazi zion Tiñeluko zuzendaritzari abuztuaren 24an. Zuzendaritzak, bere aldetik eta egun berean, taberna eta elkartea ixtea erabaki zuen, badaezpadako neurri gisa.

 

Lehenengo momentutik, Tiñeluko zuzendaritza Osasun Sailarekin harremanetan egon da eta handik jasotako irizpide eta protokolo guztiak betetzen ari da. Protokolo horiek diotenari jarraituz, tabernariaren positiboaren berri izandakoan (abuztuaren 28an) kontaktu estuen1 PCR probak egiteari ekin zitzaion. Tiñelu tabernako gainerako zerbitzariei abuztuaren 28an egin zieten proba.

 

Aldi berean, Tiñeluko tabernariaren positiboaren berri izan orduko, elkarteko zuzendaritzak egoeraren berri eman zion udalari. Horrela, egoera okertuko balitz, beharrezko neurriak eta baliabideak aurreikusi ahal izateko.

 

Alkateak, ordea, inongo osasun erakunderekin harremanetan jarri gabe, bere kaxa, informazio osoa izan gabe, egoeraren diagnosia egin gabe eta Osasun Saileko protokoloei muzin eginez, eta herrian izandako beste kasuekin egin ez bezala, Tiñelun egondako herritarrei probak egiteko deia zabaldu zuen publikoki.

 

Egun bat geroago, abuztuaren 29an, Tiñelu tabernako gainerako zerbitzariek PCR probaren emaitza jaso zuten: guztiak negatiboak. Hau da, Tiñelun ez da kutsatze komunitariorik izan.

 

Bizi dugun osasun larrialdi, krisi sozial eta ekonomiko honetan, ziurgabetasuna dugu nagusi. Instituzio publikoen betebeharra konfiantza, lasaitasuna eta babesa eskaintzea da. Horregatik, eta herritarrongandik gertuen dugun instituzioa udala dugula kontuan izanik, hartzen diren erabakiak ongi aztertuak, ondorioztatuak, informazio osoarekin, eraginkorrak eta arduratsuak izan behar dute.

 

Alabaina, horrela jokatuz, alkateak arinkeriaz jokatu du, herritarren artean ezinegona eta nahasmena sortuz.

 

Hamarnaka herritar izan dira oharrak zioenari kasu egin eta arduraz, Lezoko eta Errenteriako osasun zentroetara deitu dutenak PCR proba egitera joateko eskatzen zietela esanez. Osasun zentroek ez zuten ordea, Tiñelun izandako pertsonei PCR proba egin behar zietela zioen Osasun Sailaren agindurik. Ulertzekoa da egoera horrek guztiengan sorturiko nahasmena.

 

Udalak lasaitasuna eskaintzeko, zehaztasunez eta oinarri sendoko erabakiak hartuz aritu behar du. Alkateak, aldiz, “Azken egunotan” Tiñelun izandakoei probak egitera deituz zabaldu zuen oharra ez da batere zehatza, ez baitzegoen jakiterik noiztik aurrera izandakoei proposatzen zien probak egitera joatea: zein daten artean izandakoek egin behar lukete proba?

 

Horrekin batera, berez nahiko zailak eta ziurgabetasunez josiak diren garaiotan, alkateak herritarren artean alferreko alarma egoera sortu duela deritzogu.

 

Tiñeluko kasuan, alkateak, intentzio txarrez jokatu duela uste dugu.

 

Ez dira aste asko, herriko beste taberna bateko zerbitzari batek PCR proban positibo eman zuela. Kasu hartan, Osasun Sailak ezarritako protokoloa jarraitu zen: zerbitzariarekin kontaktu estua izan zuten pertsonei PCR proba egin zieten. Zorionez, kasu hartan ere, negatiboak izan ziren gainerako langile guztien emaitzak eta alkateak, egoki, protokoloa jarraituz, ez zuen oharrik kaleratu taberna hartan izandako pertsonek PCR proba egitera joan behar zutela esanez.

 

Ez da kasu bakarra. Udaleko langile batek PCR proban positibo eman zuela jakinarazi zuen egun asko ez dela. Kasu honetan ere, protokoloa jarraitu eta kontaktu zuzena izan diren gainerako langileei PCR proba egin zieten. Guztiak negatiboak. Ondorioz, eta oraingoan ere egoki, alkateak ez zuen deirik egin udal bulego horretatik igaro diren herritar guztiek PCR proba egitera joan behar dutela esanez.

 

Horiek guztiak aintzat hartuta, kasu honetan izan duen jokabidean, herriko sektore zehatz bat jo-puntuan jartzeko intentzio argia ikusten dugu.

 

Bukatzeko, larriena dena, alkateak arduragabekeriaz jokatu du. Alkateak, Osasun Sailarekin inolako harremanik izan gabe, inongo koordinaziorik gabe, bere kabuz egindako deiarekin, Lezoko eta Errenteriako osasun zentroak beharrezko ez ziren deiekin eta kontsultekin kolapsatzeko arriskua sortu du, hauek ez baitzekiten ezer eta ez baitzegoen inolako antolaketarik. Horrela, beharrezko eta akaso presazko beste kasu batzuen kontsulta zailduz edo eragotziz. Hainbat pertsonen osasuna arriskuan jarri zezakeen arduragabekeria larria erakutsi du alkateak.

 

Horregatik guztiarengatik, alkateari presazko Osoko Bilkura berezia egiteko deia egiten diogu, bere jokabidearen nondik norakoak azaldu ditzan. Horrekin batera Covid-19ak sortutako krisiaren kudeaketaz arduratuko den sektore-arteko batzorde komunitarioa osatzea proposatzen diogu. Erakutsitako gaitasun falta dela eta alkatea ez den beste inork gidatu beharko lukeen batzordea, herriko eragileen (hezkuntzakoak, ostalaritzakoak…) parte hartzea bermatuko duen batzordea, udaleko gizarte zerbitzuetako eta beste sailetako teknikariek ere parte hartuko luketena eta, oro har, herritarrei irekia egongo dena. Batzorde horren ardura izango litzateke, osasun larrialdiak dirauen artean, horren inguruan hartu beharreko erabaki guztiak adostea.

1 Osasun Sailaren protokoloaren arabera “…2 metro baino gutxiagoko distantziara 15 minutuz gutxienez egondako pertsona…”