Lezo

Albisteak

445.900€KO ZENBATEKOA OSATZEN DUTEN 18 EMENDAKIN PROPOSATU DIZKIOGU EAJ-PSE TALDEAK AURKEZTUTAKO UDAL AURREKONTUARI


| 2020-11-27 18:40:00

Bizi dugun krisialdiari erantzuteko beharrezkoak diren inbertsioak egiturazko partidetan jasotzen ez direnez, ezezko bozka eman diogu EAJ-PSE taldeak aurkeztutako udal aurrekontuari.

 

Inbertsio hauek ezin dira diru gerakinaren edo alkatearen borondatearen menpe egon.

 

Hala ere, bizi dugun momentuaren zailtasunak eta gogortasunak guztion ekarpenak behar dituela uste dugunez, 445.900€ko zenbatekoa osatzen duen 18 emendakin proposatu ditugu bizi dugun egoerari ahalik eta hobekien erantzuteko eta ditugun ahuldadeak eta gabeziak konpontze bidean.

 

Hauek emendakin esanguratsu batzuk:

 

Etxez-etxeko zerbitzua eta etxez-etxeko langileen baldintzak hobetzeko 85.000€ gehiago. Zerbitzua zabaltzeko eta hobetzeko langileen plantilla kopurua 2 langile gehiagorekin handitzea proposatu dugu, horretarako 78.000€ bideratuz. Horrekin batera, langileek babes material nahikoa izan dezaten, babeserako arropa eta materialen partida 7.000€ gehiagorekin handitzea proposatu dugu.

 

Krisialdiak norbanako eta familiengan sortutako eraginei aurre egiteko 45.000€ gehiago. Begibistakoa da, egoera honetan, lehendik ere egoera zaurgarrian zeuden herritarren egoerak okerrera egin duela. Halaber, egoera zaurgarrian dauden herritarren kopuruak gora egin du, eta pentsatzekoa da, oraindik ere gora egingo duela, zoritxarrez.

 

Adin txikikoen atentzioan 10.000€ gehiago. Itxialdi eta murrizketek gehien eragin dion sektoreetako bat dugu. Berebiziko garrantzia izan behar du arlo siko-afektibo-emozionalean erreparatzea eta zaintzea.

 

Herriko ostalaritza, merkataritza, autonomo eta enpresa-txikien jarduera ekonomikoa indartzeko 110.000€ko partida sortzea proposatu dugu. Krisiak zuzen eta gogor jo die. Herriko ekonomia motor garrantzitsuak diren heinean, garrantzitsua iruditzen zaigu sektore hauei zuzenduriko partidak sortzea. 110.000€ horietatik, 80.000€ laguntzen partidarako izango lirake eta gainerako 30.000€ak herriko merkataritza sustatzeko (erosketa bonoak, berariazko kanpainak…).

 

Biolentzia matxistari aurre egiteko 15.000€tan handitzea berdintasun partida. Lehendik ere jasanezinak ziren egoerak areagotu egin dira itxialdiaren ondorioz. Udalaren lehentasunezko lan lerroetakoa izan behar du eta horrek islada izan behar du udal aurrekontuan.

 

Arrakala digitala ekiditeko 10.000€ko laguntza partida sortzea. Lehendik ere pisua zuen mundu digitalaren indartzea ekarri du pandemiak. Telelana edo ikasketak online bidez jarraitu beharra jarduera arrunt bilakatu zaizkigu. Horretarako, gailu teknologiko eta konexio sare egokiak izatea oso garrantzitsua da.

 

Euskararen plan estrategikoa gauzatzeko 10.000€ko partida sortzea. Herrian egindako azken kale erabilera neurketek beheranzko joera adierazi dute euskararen erabilerari dagokionean. Tendentzia hori zuzentzeko eta, euskararen hedapena eta egoera hobetzeko, plan estrategikoa egin beharko genukeela pentsatzen dugu, guztion parte hartzearekin.

 

Azaroaren 26an burutu zen Osoko Bilkuran emendakin hauen aurka bozkatu zuten EAJ eta PSEko zinegotziek. Hala ere, beraien partetik emendakinak begiratu eta aztertzeko konpromisoa lortu genuen.

 

Herritarren ongizatea eta COVID-19aren krisialdiari aurre egitea baldin badira udal aurrekontuaren lehentasunak, partida horiek aurrekontuan definituta egon behar dute. Beharrak aldatu dira eta behar horien arabera egituratu behar da 2021eko aurrekontua. Ez du zentzurik aurreko urteetako aurrekontu egiturari eusteak eta are sortu diren beharrei erantzuteko egitasmo berririk ez egotea definituta aurrekontuan.