AKTUALITATEA


| 2023-03-17 10:59:00

Duela egun batzuk Jaurlaritzak aurkeztu zuen Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berriaren gabezia larriek kezkatuta, gizarte zerbitzuen sistemaren heriotza-agiria baita, Maddalen Iriartek horren inguruan interpelatu dio gaur Urkullu lehendakariari, eta premiazkotzat jo du zaintza sistema publikoaren doakotasunerantz urratsak ematen hastea, martxoaren 8an mugimendu feministak egin zuen aldarrikapen nagusiarekin bat eginda. “Pertsona bat gaixotzen denean, osasun sistemak ez du ekonomikoki penalizatzen, baina mendekoa baldin bada, orduan bai sistemak penalizatzen duela, eta hori ezin da gertatu. Zaintza sistema komunitario publiko baterako trantsizio bat marraztu behar dugu, doako sistema publiko bat bermatzeko bidea marraztu behar dugu, eta horrek instituzioen konpromisoa eskatzen du, herri duin batean zaintzek duinak izan behar dutelako, bai eta zaintzaileen egoerak ere”.

EH Bilduren bozeramaileak salatu du Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategiko berria kontrako norabidean doala, sistemak egun dituen defizit guztiak sakondu eta betikotzeko arriskua dakarrelako: mendekotasun egoeran dauden herritarrak artatzeko orduan herrialdeen artean dagoen desoreka (“Araban estaldura Gipuzkoak duenaren erdia da”); arrakala soziala, sistema pribatizatzeko joera areagotzen duelako, erresidentzietan plaza publikoak nahiko ez direnez, sistemak jendea sare pribatura bideratzen baitu; eta genero arrakala, ekonomikoki sare pribatura jotzea ezinezko duten familiek ahal bezala moldatu behar dutelako, eta horrek zaintza lanak emakume baten bizkar uztea esan nahi du gehien-gehienetan, erresidentzietan lan egiten duten emakumeen lan baldintza prekarioak ahaztu gabe.

Alde horretatik, Iriartek “zaintzaren merkantilizazioa” salatu du, “zaintzarekin negozioa egin nahi izatea ez baita onargarria”, eta ezinbestekotzat jo du “sektore honetan lan egiten duten emakumeen lan baldintzak hobetzea”. Hala, “etxeko langileen egoera, oso era nabarmenean emakume atzerritarren bizkar eraikitakoa”, ipini du mahai gainean, horrek erakusten baitu “herritar guztien bizitzak ez duela berdin balio, esplotazio baldintzen aurrean beste alde batera begiratzen dugulako”.