Legebiltzarra

Albisteak

Urtarrila habilitatzea eskatu dugu egungo egoeran ulertezina litzatekeelako Legebiltzarrak jarduna etetea


EH Bildu eta Elkarrekin Podemos IU taldeok Erregelamenduak ezohiko egoeretan aurreikusten duen mekanismoa aktibatzea proposatu dugu, Legebiltzarrak urtarrilean ere lanean jarrai dezala pandemiak eskatzen dituen erantzunak emateko.

| 2020-12-18 11:47:00

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU  taldeok urtarrila habilitatzeko eskatu diogu formalki Legebiltzarreko Mahaiari, pandemia egoera honetan ulertezina litzatekeelako Parlamentuak hilabete batez bere ohiko jarduna etetea. Behin urtea amaituta hurrengo bilkura-aldia, berez, otsailean hasten bada ere, Erregelamenduak (73.2 artikulua)  “ezohiko bilkura-aldi bat antolatzea” ahalbidetzen du, “legebiltzarkideen heren batek hala eskatuz gero”; hori da, hain justu, eskatu duguna, Erregelamenduak aurreikusten duen mekanismo hori aktibatzea, pandemiak sortu duen osasun, ekonomia eta gizarte krisiari aurre egiteko martxan jarri diren eta jarri behar diren neurriak eta proposamenak eztabaidatu, garatu, osatu eta jarraipena egiteko. Horrek, zalantza barik, Legebiltzarrean urtarrilean ezohiko bilkura-aldia antolatzea eskatzen du ezinbestean.
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-IU  taldeon iritziz, eskaria arrazoizkoa da zeharo, bai eta derrigorrezkoa ere egungo krisi egoera aintzat hartuta; EAJk eta PSEk ere hala ulertu eta Mahaian baiezkoa ematea espero dugu, beraz. Jendarteak ez luke ez ulertu ez onartuko, hala izango ez balitz. Izan ere, pandemiak aurrekaririk gabeko egoera batean kokatu du mundua eta gure herria, eta instituzio eta eragile politiko, ekonomiko eta sozial guztien inplikazioa ezinbestekoa da egoera honetatik atera ahal izateko. Hori dela eta, EAEko botere exekutiboaz gain, Legebiltzarrak ordezkatzen duen botere legegilea ere legegintza eta kontrol zereginetan aktiboki eta iraunkorki jardunean aritzea ezinbestekoa dugu, ahalik eta azkarren denon artean pandemia eta bere ondorioak gainditu ahal izateko.