AKTUALITATEA


| 2022-03-28 13:48:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur, Jaurlaritzaren barne koherentzia faltak funtsezkoa den energia berriztagarrien hedapen ordenatua eragozten duelako. Mikel Oterok gogora ekarri du EH Bildu aspaldidanik eta etengabe planifikazioa eskatzen ari dela energia berriztagarriak modu ordenatuan garatzeko. EAJ-PSE Gobernua, baina, kontrako bidean ari da, koordinazio, koherentzia eta planifikazio barik. Izan ere, Oterok ezagutzera eman du Iñaki Arriola Lurralde Plangintza sailburuak Legebiltzarrera bidalitako Araba Zentraleko Lurralde Plan Partzialaren aurrerapena (https://labur.eus/dplQr), eta salatu du bertan jasotako planteamenduak talka egiten duela, nabarmen, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailean Arantxa Tapia lantzen ari den Berriztagarrien Plan Sektorialarekin.

Legebiltzarkide independentistak azaldu duenez, Arriolaren Sailaren plan partzialaren irizpideak interesgarriak dira, eredu energetiko berri baten alde egiten du eta EH Bilduk Arabarako egin duen planifikazio proposamenetik gertu dago. Hala, “energia fotovoltaikoaren alde egiten du modu argian eta, eolikoari dagokionez, berriz, ez du lurrik erreserbatzen parke gehiago egiteko, orain daudenen birpotentziazioa besterik ez duelako aurreikusten”. Tapiaren Sailak, ordea, parke eoliko gehiago eraikitzea aurreikusten du. Lurralde Plangintza Sailarekiko koordinazio falta harago doa gainera, batak lursail batzuk egokitzat jotzen dituelako berriztagarrien hedapenerako eta besteak, beste batzuk.

Oteroren iritziz, ulertezina da horrelako gai estrategiko batean Gobernu barruan dagoen komunikazio eta koordinazio falta, eta horrek ondorioak ditu, ohartarazi duenez, Lakuan irizpide komun argiak ez edukitzeak energia berriztagarrien hedapen ordenatua eragozten duelako. “Lurraldea ordenatu ordez, nahasmena areagotzen ari dira”.

Lurralde Plangintza Saila lantzen ari den Araba Zentraleko Lurralde Plan Partzialaren irizpide orokorrekin bat egin arren, EH Bilduko legebiltzarkideak kezkarako motiboak ere ikusten ditu, dokumentu horretan lurra erreserbatzen delako bi baratze fotovoltaiko erraldoi egiteko, bata Gasteiz eta Legutio artean eta bestea Lautadan, Agurain aldera, biak Jundiz industrialdearen tamainakoak, gutxi gorabehera, eta nekazaritzarako lur onak barne hartuta. Oteroren irudiko, “hori zuzendu behar da, gigantismo hori ekidin eta eskala arrazionalago bat manejatu behar delako”. Edonola ere, erantsi du, “bidea planifikazioa, elkarrizketa eta akordioa da, eta gu bide hori egiteko prest gaude”.