AKTUALITATEA


| 2021-05-26 14:16:00

Josu Estarronak ekimen sorta aurkeztu du Legebiltzarrean Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak 22 aholkularitza-enpresari, besteak beste, Deloitte, S&F, B+I eta PWCri, irekitako espedientearen harira. Aipatutako batzordeak 6,3 milioi euroko isuna ipini die enpresa horiei kontratazio publikoetan kartel bat osatzeagatik eta, espedientea zorrotz aztertu ostean, Estarronak horren inguruko dokumentazioa eskatu dio Jaurlaritzari. EH Bilduko legebiltzarkideak Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen, Lehiaren Euskal Agintaritzaren eta Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuaren agerraldiak ere eskatu ditu afera argitzeko asmoz.

Estarronak premiazkotzat jo du argitzea zein izan den administrazio publikoen jokaera auzi honetan. Izan ere, aholkularitza-enpresek publikoki eta EAEko Auzitegi Nagusian adierazi dutenaren arabera, beraiek ematen zizkieten instituzioei lehiaketa publiko horietara gonbidatu beharreko beste enpresen izenak, legeak eskatzen dituen baldintza formalak betetzeko, eta batzuetan lizitazioen zenbatekoak eta pleguak emateraino ere iristen ziren. “Hori hala izan dela baieztatuko balitz, eskandalu izugarria litzateke, horrek frogatuko lukeelako iruzurrezko praktikak zigortutako enpresa horietatik harago zihoazela, administrazio publiko batzuk legez kanpoko praktika horien konplizeak izan direla eta kalte ekonomikoa egin diotela diru-kutxa publikoari”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ikerketaren jatorrian omen dagoen salaketaren kopia eskatu du. Azaldu duenez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren bertsioa ez dator bat Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak emandako informazioarekin. Lehenengoak salaketa bat egon zela dio; bigarrenak, aldiz, ikerketa ofizioz ireki zela ziurtatzen du. “Kontu garrantzitsua da hori, Lehiaren Euskal Agintaritzak dioen bezala, salaketa bat aurkeztu baldin bazen, horrek argudio legalak emango lizkie enpresei helegiteak aurkezteko, eta kolpe handi bat izan liteke ikerketa judizialari begira”.

Azkenik, Estarronak azalpenak eskatu dizkie Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, urteetan ez direlako orain argitara atera diren iruzurrezko praktika horietaz ohartu.