Legebiltzarra

Albisteak

Pandemiaren ondorioz lan erregulazioan sartu diren langileen %4k soilik kobratuko lukete gaur Jaurlaritzaren laguntza


EH Bilduren ustez, onartezina da Lakuak laguntza hori oraindik ordaindu gabe jarraitzea. Osagarria 7.800 langile ingururi ordaintzeaz ari da Urkulluren Gobernua, baina 200.000 inguru dira lan erregulazioan egondakoak. Premiazkoa da laguntza horiek hobetzea eta zabaltzea.

| 2020-09-30 16:04:00

Aldi baterako lan erregulazio espedienteek kaltetutako langileentzat Jaurlaritzak pasa den ekainean iragarri zituen laguntzei (150 euro gehienez) buruzko Lan eta Enplegu Sailaren datu ofizialak jaso ditu EH Bilduk gaur Legebiltzarrean. Ander Rodriguezen galderei emandako erantzunak berretsi du Lakuak ez duela oraindik osagarri hori ordaindu. “Atzerapena onartezina da, horren ondorioak larriak direlako lan erregulazioan dauden milaka eta milaka langilerentzat”.
Gobernuaren erantzunaren arabera, 8.000 baino gutxiago dira gaur haren laguntza kobratuko luketen pertsonak, Jaurlaritzak berak ekainean, programa hori martxan jarri zuenean, esandakoa baino askoz gutxiago, “44.000 izango liratekeela agindu baitzuen orduan”. Areago, pandemia hasi zenetik une batean edo bestean erregulazio espedienteetan sartu diren 200.000 langile ingururen %4k soilik jasoko lukete gaur Urkulluren Gobernuaren laguntza, haren datuen arabera. “Eta oso adierazgarria da, baita ere, laguntza eskari gehienak (%67) emakumeek egin dituztela ikustea, horrek ere argi uzten baitu haiek direla nagusiki lan prekarietatea pairatzen dutenak”, ohartarazi du EH Bilduko legebiltzarkideak.
Datuak ikusita, Rodriguezek berretsi du premiazkoa dela aldi baterako lan erregulazioan dauden langileentzako laguntzak hobetu eta zabaltzea, EH Bilduk dagoeneko Legebiltzarrean formalki proposatu duen bezala. Azaldu duenez, “ez da nahikoa laguntzak urtarrilaren 31ra arte luzatzea, Jaurlaritzak atzo egin zuen moduan; funtsezkoa da zenbatekoa igotzea, 150 eurotik harago, eta martxoaz geroztik erregulazio espedienteetan egon diren edota oraindik dauden langile guzti-guztiei irekitzea, une honetan martxotik ekainera bitartean lan erregulazioan egon zirenak programa honetatik kanpo geratzen direlako”.