AKTUALITATEA


| 2022-09-03 12:23:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrean Jaurlaritzak legez zehaztu dezan zein diren osasun sistema publikoan (Osakidetzan) zein pribatuan, kategoria guztietan, bermatu beharreko profesional kopuruak, gutxieneko ratioak, eremu bakoitzean artatu beharreko biztanleriaren arabera. Rebeka Uberak adierazi duenez, Lakuako Gobernuak aurkeztu beharko lukeen lege proiektuak sektoreko sindikatuekiko elkarrizketa eta negoziazio prozesu baten emaitza izan beharko luke eta “irizpide korporatiboak alboratu, ekitate eza saihestu, kolektiboen arteko proportzionaltasuna zaindu eta diziplina anitzeko taldeak erreferentziatzat hartu beharko lituzke”.

EH Bilduko legebiltzarkideak ohartarazi duenez, “osasun profesional nahikorik gabe ezinezkoa da kalitatezko osasun arreta bermatzea” eta “agintari publikoen ardura kalitatezko osasun arreta bermatzeko baldintzak eta bitartekoak bideratzea da”, baina ez da hori, ordea, gertatzen ari dena. “Asko dugu egiteko eta hobetzeko. Osasun profesionalen artean kexak gero eta gehiago dira, kalitatezko osasun arreta eskaintzeko gero eta zailtasun handiagoak dituztelako, behin-behinekotasuna areagotu duen urteetako kontratazio politikaren ondorioz eta profesional eskasiaren ondorioz, besteak beste”.

Hori dela eta, Uberak funtsezkotzat jo du “osasun sistemaren lan eremu eta kategoria bakoitzean egon behar duten profesional kopurua, ratioak, legez zehaztea gauzak ondo egin ahal izateko, gardentasunez jokatzeko, planifikazioan sakontzeko eta egunerokoan lanean ari direnen baldintzak hobetzeko”. Izan ere, “orain arte eremu batzuetan kupoak aplikatzen dira profesional bakoitzak artatu beharreko paziente kopurua zein izan behar den zehazteko, baina kupo horiek ez daude legez zehazturik eta ez dira betetzen”.