Legebiltzarra

Albisteak

Osasun Sailak azalpenak eman behar ditu Tolosako Asuncion klinika konfinatzeko erabakiaz


Ibai Iriartek gertaturikoa larria dela eta Tolosaldeko herritarrentzat ondorio negatiboak dituela ohartarazi du. Argibideak eskatu dizkio jada Lakuari. Kasu hau osasun zerbitzu publikoak esku pribatuetan uztearen ondorio da eta eskualdeak ospitale publikoa behar duela frogatzen du.

| 2020-10-10 12:26:00

Ibai Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak argibideak eskatu dizkio jada ofizialki Osasun sailburuari Tolosako Asuncion klinika konfinatzeko arrazoiez eta erabakiaz. Izan ere, azken egunotan zentro horretan koronabirus kasu ugari azaldu dira eta ohiko jarduna etetea erabaki dute: ez da izango ez ebakuntzarik ez kontsultarik, bisitak debekaturik geratu dira eta, pazienteren bat ospitaleratu behar izatekotan, nora eta Irungo ospitalera bideratuko dute, “Donostia Ospitalea gertuago dagoen eta Asuncion klinikarekin sinatu aurreko garaietan eskualdeak zeukan erreferentziazko ospitalea zen arren”.

Iriartek salatu duenez, “oso larria da klinikaren itxiera honen inguruan oraindik inongo azalpen ofizialik ez izatea eta dakiguna prentsa zein bestelako iturrien bidez jakin izana. Asuncion klinika eta Osasun Sailaren gardentasun falta nabarmena da berriz ere. Gertaturikoa harrigarria eta larria da eta ondorio negatibo argiak ditu Tolosaldeko herritarrentzat, Osasun Sailak eskaini behar dien osasun arretak okerrera egingo baitu nabarmen. Jaurlaritzak, beraz, berehalako azalpenak eman behar ditu ezinbestean”.

EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, “benetan gertatzen ari denari buruzko informazioa nahasia da eta Osasun Sailak argitu behar du zein den egoera erreala Asuncion klinikan eta zein urrats emango dituen eskualdean osasun arreta egokia bermatzeko; eta ez hori bakarrik, zerk huts egin duen ere ikertu eta argitu behar du. Ospitaleetan bete beharreko protokoloak oso zorrotzak dira eta pentsatzekoa da klinika horretan zerbait gaizki egin dela eta, hala bada, ardurak ere garbitu beharko direla”.

Asuncion klinika pribatua dela eta Osakidetzarekin duen hitzarmen bati esker zerbitzu publikoa ematen duela gogorarazi ostean, Iriartek esan du bertan gertatu denak EH Bilduren diagnostikoa berretsi baino ez duela egiten: “Osasun zerbitzu publikoak ezin dira esku pribatuetan utzi; aspaldidanik esaten ari gara, eta hauteskunde kanpainan ere hala aldarrikatu genuen: Tolosaldeak ospitale publikoa behar du eta eskualdeko Erakunde Sanitario Integratua (ESI) publifikatu behar da behingoz, Osakidetzak duen ESI publiko-pribatu bakarra baita. Hau Tolosaldean gertatu izana ez da kasualitatea, eta bertako herritarrek jasaten duten bigarren mailako osasun arretaren erakusle dela frogatzen du.