AKTUALITATEA


| 2022-12-15 17:07:00

EH Bilduren ekimenez, Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio moda modu jasangarrian eta zirkularrean ekoizten eta saltzen duten euskal negozioak eta ekimenak bultzatzeko, betiere langileen lan eskubideak bermatuz, eta berrerabilpena eta bigarren eskuko salmenta sustatzeko. Halaber, kontsumo eredu masiboa murrizte aldera, Lakuak modu ekologiko eta jasangarrian ekoitzitako arroparen kontsumoa bultzatu eta modaren  berrerabilpenaren eta birziklapenaren aldeko jarrerak elikatuko ditu, ezker subiranistak sustatutako akordioaren arabera.

Eraitz Saez de Egilazek azaldu duenez, gaurkoa “kontsumo eredu masiboaren aurkako aldarri bat izan nahi du, argi edukita ez dela nahiko norbanakoek euren kontsumo eredua aldatu behar dutela esatea, eta instituzioen ardura dela kontsumo eredua aldatzeko baldintzak sortzea”. Alde horretatik, moda jasangarria eta zirkularra ekoitzi eta saltzen duten negozioei diruz lagundu beharra ipini du mahai gainean. “Ehunka artisau eta langile arropa ederra sortzen ari dira gure inguruan, jende andana lanean ari da bigarren eskuko arropari bigarren bizitza bat eman ahal izateko, baina baldintzak ez dira errazak. Ekoizpen prozesua modu jasangarrian burutu ahal izateko hainbat gasturi aurre egin behar baitzaie, eta ondoren ere, produktuak saldu eta eskaintzeko plaza gehiago behar dira. Hau da, moda eta bizitza jasangarrien aldeko apustua egin duten horien aldeko politika publikoak behar dira, eta instituzio publikoetatik diruz laguntzea dagokigu”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogora ekarri du modaren industria dela, hain zuzen ere, munduan gehien kutsatzen duen bigarren industria, ikuspegi ekologiko batetik kalte nabarmenak eginez –“Kotoizko kamiseta bat sortzeko 2.700 litro ur erabiltzen dituzte moda azkarreko enpresek”– eta askotan lan baldintza onartezinetan: “Dokumental batek argitara atera du nola funtzionatzen duen gure artean ohikoa den on line denda batek: hilean egun bat jai, 18 orduko lan jardunak eta langileen oinarrizko soldata 565 eurokoa”.