AKTUALITATEA


| 2019-10-01 14:16:00

EH Bilduk lotsagarritzat jo ditu Urkullu lehendakariak eta Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak Bizkaiko Metaleko osoko grebari buruz egin dituzten balorazio politikoak, “ohi bezala, patronalaren alboan lerrokatu direlako eta haren interesak babesteari ekin diotelako, langileen aurka”. Iker Casanovak salatu duenez, “Urkullu patronalaren bozeramailerik onena bilakatu da beste behin, negoziazio kolektiboan Gobernuak errespetatu eta zaindu behar duen neutraltasun printzipioa goitik behera urratuta”. EH Bilduko legebiltzarkidearen esanetan, “patronalaren eta sindikatuen arteko negoziazioan Jaurlaritzak neutrala izan behar du berez, baina Urkulluren gobernuak, oinarrizko printzipio hori errespetatu beharrean, patronalarekin bat egiten du sistematikoki eta langileen aldarrikapenak mespretxatzen ditu”. Horren ildotik, Casanovak PSEren posizioa ere kritikatu du: “EAJren morroi aritzen da, isilik, agintzen duenari hitzik esan gabe, aulki batzuen truke ezkerreko baloreak alde batera utzita”.
Casanovak Urkulluren diskurtso zinikoa salatu du, “kalitatezko enplegua sortzea ezinbestekoa dela esan eta bost minutura kapaza delako lanpostu duinen alde mobilizatu diren langile eta sindikatuei bizkarra emateko eta prekarietatea bultzatzen duen patronalari bere Gobernuaren babes politiko osoa eskaintzeko. Hitzez, enplegu duina aldarrikatzen du, baina praktikan kontrakoa egiten du, prekarietatea sustatzen dutenen interesak eta mezuak defendatzen dituelako. Horri zinismoa esaten zaio”.