AKTUALITATEA


| 2019-09-25 14:03:00

EH Bilduren proposamen bati jarraituz, Legebiltzarrak larrialdi klimatikoa deklaratuko du bihar, Mikel Oterok gaur iragarri duenez. Oterok berak aurkeztu zuen onartuko den mozioa eta, bere iritziz, biharkoa “aurrerapauso garrantzitsua” izango da, aurrerantzean konpromiso politikoak hartzea eskatuko duelako. “Horrek esan nahi du Legebiltzar eta Jaurlaritzaren politika, lege, aurrekontu eta plangintza guztiek larrialdi klimatiko egoera aintzat hartu beharko dutela. Herri gisa dugun erronka nagusietariko bat da, eta arduraz, modu kohesionatuan, erantzun behar diogu”.
EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, “larrialdi klimatikoa deklaratzea garrantzitsua da egoera zein den politikoki onartzea suposatzen duelako, legeak eta aurrekontuak onartzerakoan arazo klimatikoa kontuan hartzeko konpromiso zehatzak eskatuko dituelako, zeharkako politikak martxan jarri beharko direlako eta bestelako neurriak hartzea ahalbidetuko duelako, betiere norabide horretan, aldaketa klimatikoaren aurka”. Oterok helburu horrekin ostiralerako mundu osoan zehar deitu diren mobilizazioak ekarri ditu gogora, eta garrantzitsutzat jo du Legebiltzarrak ere une honetan mezu argi eta sendo bat bidaltzea larrialdi klimatikoaz ohartarazteko.
Bere esanetan, “krisi klimatikoa eztabaida politikoaren erdigunean kokatuko da, jendearen kezka nagusien artean ere kokatzen ari den bezalaxe; larrialdi klimatikoa krisi ekologiko orokor baten baitan txertatzen da, orain urtetan egindako politika arduragabeen ondorioak pairatzen ari baikara”. Hori dela eta, Oterok adierazi duenez, ezinbestekoa da “aldaketa sakonak” egitea, besteak beste, berotegi efektuko gasen isuriak murrizteko. “Krisi ekologikoa ez da kontu sektorial bat, muinean krisi politikoa da sektore guztiei eragingo dielako, batez ere ekonomiari”.