AKTUALITATEA


| 2021-05-21 11:44:00

Julen Arzuagak legez besteko proposamen bat aurkeztu du gaur Legebiltzarrak Guardia Zibilaren eta Polizia espainolaren eskumen inbasioa arbuia dezan, Josu Erkoreka sailburuak berriki aurkeztu duen Euskadiko Segurtasun Publikoaren Plan Orokorrak berak mehatxu gisa identifikatzen baitu Estatuko Segurtasun Indarren birkokapena legez Ertzaintzari dagozkion hainbat eremutan. Plan horren arabera, legediaren interpretazio partzial baten bitartez, Guardia Zibila eta Polizia espainola euskal administrazioen eskumenekoak diren arloetan sartzen ari dira ikusgaitasun handiagoa lortzeko.

Jaurlaritzak berak salatutako joera eta mehatxu hori aintzat hartuta, EH Bilduko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du Parlamentuak jokabide hori arbuiatzea eta 2013an eta 2017an Gobernu espainolari egin zizkion erreklamazioak berrestea, Estatuko Segurtasun Indarren atzera-egiterako irizpideak ezartzeko eta euren eskumen-eremu hertsira egokitzeko, hain zuzen ere.

Halaber, EH Bilduk eskumen inbasio prozesu horri buruzko diagnostiko bat egiteko eskatu dio Lakuako Segurtasun Sailari, bai eta euskal polizien eskumenak berreskuratzeko edo indarrean jartzeko proposamenak aurkezteko ere.

Arzuagak adierazi duenez, “Guardia Zibilak eta Polizia espainolak euren eskumenetik gaindiko jardunak eta operatiboak egiten jarraitzen dute beste garai bateko presentzia mantentzeko: errepideetan kontrolak egiten dituzte inolako justifikaziorik gabe eta, nahitaezkoa izan arren, Segurtasun Sailari jakinarazi gabe, eta ez dagozkien eskumenak berenganatzen dituzte hainbat alorretan, hala nola ingurumenean, erreskateetan edota emergentzietan”.