AKTUALITATEA


| 2022-05-03 11:33:00

EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Legebiltzarrak instantzia eskudun guztiei eskatu diezaien berehala jardun dezatela ‘Pegasus kasua’ ikertu eta argitzeko, politikoki zein judizialki, eta eskandalu politiko horren erantzukizun politiko guztiak beren gain hartu eta argitu ditzatela.

Koalizioaren proposamenaren arabera, Parlamentuak salatu eta arbuiatu egin behar du espioitza politikoa, “nazioartean aitortutako oinarrizko giza eskubideen, intimitaterako eskubidearen, komunikazioen sekretuko eskubidearen eta parte-hartze politikorako eskubidearen urraketa nabarmena baita”. Halaber, proposamenak “guztion oinarrizko eskubide eta askatasunak babesteko deia egiten die indar politiko demokratikoei, eragile sozial eta sindikalei eta herritar guztiei ere, eskandalu hau gogor salatu, ikertu eta argitzea eskatuz”.

EH Bilduren iritziz, espioitza kasu honek duen larritasuna kontuan hartuta, legez besteko proposamena premiaz eztabaidatu behar da, gaiak hartu duen dimentsioagatik eta zelatatuen artean euskal alderdi politiko baten ordezkariak agertzen direlako. Hala eta guztiz ere, EAJk eta PSEk ekimena presazko prozeduraz tramitatzeari uko egin diote gaur Legebiltzarreko Mahaian. Parlamentuari dagokion funtzio politikoa mugatu dute horrela, bai eta hain larria den kasu batean izan behar duen protagonismoa murriztu ere. “EAJren eta PSEren erabakia ulertezina da, espioitza politikoak indar demokratiko guztiak kezkatu behar dituelako, eskubideen urraketa nabarmena delako eta, batez ere, adierazpen demokratikoa bermatzearen eta edozein disidentzia politikoaren abusu autoritario eta ilegala delako”.