AKTUALITATEA


| 2019-10-03 12:02:00

Ustelkeriaren aurkako bulegoaren sorrera gertuago dago gaur, Legebiltzarrak EH Bilduren lege proposamenari bide eman ostean. Albistea benetan pozgarria da koalizioarentzat, Larraitz Ugartek adierazi duenez, “Bulego horrek legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzea ahalbidetuko duelako”. Horren haritik ohartarazi du “Ebrotik gora ere baditugula konpontzeko gauza anitz, hala nola, De Miguel auzia, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa, Bidegi auzia eta beste hainbat kontu, eta guk beti esan dugu epaitegietatik harago kontrol publiko eta administratiboa ere behar dugula”, Nafarroan dagoeneko duten moduan.
Ugartek azaldu duenez, lege proposamenaren tramitazioa atzeratu da Foru Aldundiek helegitea aurkeztu zutelako Batzorde Arbitralean, eta azken honek jatorrizko proposamena birformulatzera behartu du, aldundiak Bulegoaren kontroletik kanpo uzteko, haiek kontrol mekanismo propioak dituztelako. Hala, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udalak eta erakunde publiko autonomikoak izango dira Bulegoaren kontrolpean geldituko direnak.
EH Bilduko legebiltzarkideak “oztopo gehiagorik ez jartzeko” eskatu die gainontzeko alderdiei, “ez aldundien bitartez, ez inolako luzapen maniobren bitartez”, eta dei egin die “gaia serio hartzeko, denon ardura delako ustelkeria eta praktika desegokiak amaitzea”. Halaber, tramitazio parlamentarioa azkartzeko eskatu die Bulegoa 2020an, legealdia amaitu aurretik, martxan jarri ahal izateko. “Bulegoa sortzea ezinbestekoa da herritarrentzat, instituzioen izen onarentzat eta higiene demokratikoarentzat”.
Ugartek azpimarratu du ustelkeriaren kontrako bulegoak praktika irregularrak eta ustelak salatzen dituzten pertsonak babestea izango duela helburu, besteak beste. “Gaur gaurkoz ez dago mekanismo egokirik bide judizialetan, norbaitek ustelkeria zantzuak aurkituko balitu, horiek azken bururaino eramateko eta gainera bere anonimatoa ziurtatzeko, denok dakigulako mota honetako praktikak salatzen dituzten pertsonen aurka ere jazarpenak egoten direla eta indefentsioa handia dela. Bulegoa jauzi kualitatibo handia da, beraz”.