AKTUALITATEA


| 2019-07-22 14:35:00

EH Bilduren iritziz, Urkullu lehendakariak gaur aurkeztu dituen inbertsio funtsek ez diete behar bezala erantzungo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehun industrialak dituen beharrizanei eta ez dira iristen Jaurlaritza bera orain arte iragarritako mailara, 2016az geroztik iragartzen ari baitzen 250 milioi euro bideratuko zituela inbertsio funts bat sortzera eta gaur, ordea, bakarrik 75 milioiko funts publiko bat sortuko duela esan du, gehi beste bat, publiko-pribatua, non Lakuak eta aldundiek 15 milioi baino ez dituzten ipiniko.
Iker Casanovaren hitzetan, “legealdi osoan zehar iragarri duen inbertsio funtsa aurkeztu du gaur Jaurlaritzak, baina gaurkoa ez da orain arte agindu egin zaiguna; funtsa aldatu eta murriztu egin baita. Azken urteotan Gobernuak gai horretaz egin duen agerraldi bakoitzean bertsio ezberdin bat eman du funts horren inguruan, bai helburuei dagokienez, bai osaketari dagokionez, eta orain, zenbatekoari begiratuz gero, bistakoa da hasierako planteamendua murriztu duela 250 milioitik 75 milioira pasatu baita. Hasierako planteamenduan baliabideak nahikoak ez baziren, gaur iragarri duten kopuruarekin esan dezakegu funts horrek izaera sinbolikoa izango duela eta ez duela benetan balio izango Euskaltel, Gamesa edo Ibermatica bezalako enpresa nagusien errotzea mantentzeko eta bermatzeko”.
Finean, erantsi du Casanovak, “Urkulluren Gobernuak erakutsi du inprobisatzen ari dela, ez daukala ikusmen eta planteamendu estrategikorik, ez eta baliabide ekonomiko nahikorik ere, besteak beste, zerga politika atzerakoia egiten ari delako”.