AKTUALITATEA


| 2023-02-07 13:24:00

EH Bilduk hiru aldiz proposatu du Gasteizko Legebiltzarrean Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa legez sortzea, Nafarroako Parlamentuak iaz egin zuen bezala, baina Jaurlaritza horren kontra agertu da gaur. Urkulluren Gobernuaren erantzunak agerian utzi du berriz ere ustelkeriaren aurka egitea ez dagoela bere lehentasunen artean, De Miguel auziak, adibidez, arlo horretan baliabide falta nabarmena dela argi erakutsi duen arren.

Josu Estarronak azaldu duenez, EH Bilduren proposamenak abiapuntu argia dauka, ustelkeriaren kontrako borrokan dagoen baliabide falta, hain zuzen ere. “Arlo horretan lan egiten duten instituzioak behin eta berriz salatzen dute ez dagoela mekanismo nahikorik praktika ustelak detektatu eta ikerzeko, eta guk hori aldatu nahi dugu gure proposamenarekin. Herri duin batean bizi nahi badugu, mekanismoak eduki behar ditugu ustelkeriak eta praktika okerrek tokirik izan ez dezaten. Tresnak behar ditugu aurrerantzean De Miguel gehiago egongo ez direla bermatzeko, hori da EH Bildu eskatzen eta proposatzen ari dena. De Miguel auziaren epaiaren harira alderdi guztiek, EAJk eta PSEk barne, adierazpen potoloak egin dituzte ustelkeriaren aurka, baina hitzetatik ekintzetara pasatzerakoan, neurri eraginkorrak proposatzen direnean, argi geratzen da EAJk eta PSEk ez dutela benetako konpromisoak hartzeko inolako borondaterik. Gaur EH Bilduk proposatutako bulegoa sortzeari eman dioten ezezkoa horren froga da. Praktika okerrak desagerrarazteko planteatzen den edozein ekimen blokeatzen dute ia sistematikoki, eta hori oso kezkagarria iruditzen zaigu”.

Estarronak harrigarritzat jo du, “kontraesana agerikoa delako”, Nafarroan Ustelkeriaren Aurkako Bulegoa sortzea onartu duten alderdi berberak EAEn horren kontra agertzea. Hemen ere horrelakorik martxan jartzea aurrerapauso handia litzateke praktika ustelak atzeman, ikertu eta zigortzeko, organo horrek EAEko administrazio guztien gaineko kontrola egingo lukeelako, Jaurlaritzatik azken udaleraino, eta administrazioekin harreman ekonomikoak dituzten enpresa eta pertsonei ere eragingo liekeelako.