Legebiltzarra

Albisteak

Iriarteren gobernu programak enplegua, osasuna, hezkuntza, gizarte politikak eta trantsizio energetikoa ditu lehentasun


EH Bilduren lehendakarigaiak gobernantza eredu alternatiboa ipini du mahai gainean, eta erabakitzeko eskubideak Legebiltzarrean duen babes teoriko handia praktikara eraman beharra azpimarratu du, Estatu espainolarekin berdinen arteko harreman konfederala izateko.

| 2020-09-03 13:53:00

Maddalen Iriartek EH Bilduren gobernu bat eskaini du gaur Legebiltzarrean, inbestidura saioan, eta gobernu programa oso bat aurkeztu du, bai eta bestelako politikak eta gobernantza eredu berri bat proposatu ere. “Pandemiak argi utzi du derrigorrezkoa dela politika egiteko modu berri bat, gobernantza modu berri bat. Elkartasuna ardatz hartuta, beharrezkoa da gobernantza berri bat, elkarrizketan, parte-hartzean, kooperazioan eta adostasunak lortzeko gaitasunean oinarritutakoa. Ez dugu behar bere buruarekin bakarrik hitz egiten duen gobernua, herritarrekin eta eragile sozialekin beti haserre dagoen gobernua. Behar dugun gobernuak, behar dugun politikak, herritarrak eta herritarren beharrak izan behar ditu erdigunean”.
Abiapuntu horretatik, EH Bilduren lehendakarigaiak bere gobernu programaren eduki nagusiak aurkeztu eta lehentasunak zehaztu ditu: enplegua, hezkuntza, osasuna, politika sozialak eta trantsizio ekologikoa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako jendarteak behar dituen politikak finantzatzeko diru-iturriak ere zehaztu ditu, bai eta politika horiek egikaritzeko tresna propio eta burujabeak aldarrikatu ere.
Hala, hezkuntza sistemaren garrantzia azpimarratu du. Pandemiak eragindako krisian zehar hezkuntza “modu zabar eta traketsean kudeatzea” leporatu dio Urkulluren Gobernuari, eta berretsi du ratioak 15 ikaslera jaistea eta plantilla handitzea ezinbesteko baldintzak direla ikasturteari behar bezala ekiteko. Halaber, Hezkuntza Legea sustatzeko konpromisoa hartu du.
Hezkuntzan bezala, azken urteotako politiken ondorioz (gastu sanitario publikoak atzera egin du) osasun sistema publikoan gaur egun dauden gabeziez –bereziki larriak Lehen Arretan– ohartarazi du. Egoera irauli beharra bistakoa da, azaldu duenez. Horretarako, Osasun Publikoaren Lege bat proposatzeaz gain, inbertsio publikoa handitu, behin-behinekotasun tasak jaitsi eta lantaldea indartzearen alde agertu da.
Zaintza arloan, erresidentzien egoerari begira, Iriartek esan du ez bera ez EH Bildu ez daudela prest adinekoen egoitzetan ehunka lagun hiltzen ikustea naturala dela onartzeko, eta sakoneko neurriak planteatu ditu zaintzen arloa berrantolatzeko: erresidentzia pribatuen interbentzio publikoa eta Euskal Zerbitzu Sozialen Erakunde Publikoa (Gizartekintza) behar-beharrezkotzat jo ditu.
Enpleguari dagokionez, lehendakarigaia kezkatuta agertu da langabezia tasaren igoerarekin eta Kalitatezko Enpleguaren Aldeko Herri Ituna proposatu du. Norabide horretan, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 35 orduko lan-astea eta kontratazio publikoetan klausula sozialak txertatzeko legea, besteak beste, sustatzeko konpromisoa hartu du. Enpleguaren atal honetan industriak duen garrantzia nabarmendu eta berariazko neurriak planteatu ditu enpresei likidezia emateko (1.525 milioi euro), krisian dauden enpresak erreskatatzeko (200 milioi) eta enpresa estrategikoetan inbertitzeko (975 milioi). Pentsioak ere hizpide izan ditu Iriartek. Euskal Pentsio Sistema Publikoa sortzeko urratsak ematea ezinbestekotzat jo du eta, bien bitartean, aditzera eman du EAEk dituen eskumenak baliatu behar direla pentsio txikiak osatzeko, 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.
Trantsizio energetikoa Iriarteren gobernu programaren ardatza ere bada. Adierazi duenez, “ingurumen, lurralde plangintza, garraio, azpiegitura, elikadura eta energia politiketan jauzi kualitatiboa ematea dagokigu, energia berriztagarriak hedatzearen, etxebizitzaren birgaitze energetikoaren eta mugikortasun eredua aldatzearen bidez.
Jakina, bere gobernu programa garatzeak eskatzen dituen finantzazio iturriak ere zehaztu ditu Iriartek. Lehenik eta behin, Covid Tasa berezi bat sortzearen alde agertu da, puntuala eta diru gehien dutenei bakarrik eragingo liekeena. Hortik aurrera, lau finantzazio iturri proposatu ditu: funtsezkoak ez diren gastuak murriztetik eratorriko liratekeen baliabideak, zorra, Europako funts bereziak (betiere bermatuta Madrilek egingo duen banaketak gure pisu ekonomiko eta demografikoa zorrotz kontuan hartuko duela) eta zerga politikaren berrantolaketa integrala: Sozietate Zergaren igoera, PFEZaren goiko tipoak igotzea, Aberastasun Handien eta Merkataritza Gune Handien gaineko zergak sortzea.
Politika horiek guztiak garatzeko eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren beharrak asetzeko bestelako estatus politikoa behar dugu, azaldu du EH Bilduren lehendakarigaiak. “Berdinen arteko harremana behar dugu Estatuarekin, berme guztiak izango dituen harreman konfederala”. Horren ildotik, pasa den legealdian autogobernu ponentzian egindako lanei jarraipena eman eta euskal gizartean zein Legebiltzarrean bertan erabakitzeko eskubidearen alde dagoen gehiengoa aktibatu beharra aldarrikatu du, “errealismotik eta bide errealak topatuz, ez errealitatetik kanpo daudenak, eta Espainiaren zain egotea, handik zerbait etorriko delakoan, errealitatetik kanpo egotea da eta paralisira kondenatzen gaitu”. Bere esanetan, “proiektu politiko guztiak benetan egingarriak diren unean lortuko dugu benetako elkarbizitza, inork posizio politiko bentajistarik ez duenean”.
Elkarbizitzarekin ere lotuta, Iriartek biktima guztien aitortzarekiko konpromisoa berretsi du, salbuespenik gabe, eta espetxe politikaren aldaketa eskatu du berriz ere, dispertsioa behingoz amaitu dadin eta gaixorik dauden presoei, 65 urtetik gorakoei eta kondena betetzea aurreratuta dutenei aske ateratzeko erraztasunak emateko.