AKTUALITATEA


| 2021-05-13 16:37:00

Kontratazio publikoetan kartel bat, ‘Iparraldeko Kartela’, osatzeagatik eta, hala, kontratu publikoak haien artean banatzeagatik Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak 22 aholkularitza-enpresari 6,3 milioi euroko isuna ipini dien albistea ezagututa, EH Bilduk ekimena hartu du Legebiltzarrean auzi horren inguruko xehetasun guztiak argitzeko. 2008az geroztik Jaurlaritzak eta bere menpeko sozietateek aholkularitza-enpresekin egindako kontratu guztiei buruzko dokumentazioa eskatzeaz gain, koalizioak Merkatuen eta Lehiaren Batzordearen, Lehiaren Euskal Agintaritzaren eta Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburuaren agerraldiak ere eskatu ditu.

Josu Estarronaren aburuz, “Merkatuen eta Lehiaren Batzordeak argitara atera eta zigortu dituen iruzurrezko praktika horiek agerian utzi dute kontratazio publikoetan gabezia handiak daudela gardentasunari eta interes publikoa defendatzeko kontrolari dagokionean”.

Azaldu duenez, “eskatu ditugun agerraldien bitartez argitu nahi dugu praktika horiek kalte ekonomikoa ekarri dieten administrazio publikoei eta ea hauek enpresa horien konplizeak izan diren; une honetan dugun informazioak hala pentsatzera eramaten gaitu eta, beraz, Jaurlaritzak azalpenak eman behar ditu ezinbestean, enpresa horiek ehunka kontratu publiko modu bidegabean lortzea oso larria delako. Argitu nahi dugu zein harreman mota egon den instituzio publikoen eta aholkularitza-enpresa horien artean, deigarria baita enpresa horiek instituzioekin eta horiek sostengatzen dituzten alderdiekin duten harreman estua”.