Legebiltzarra

Albisteak

Hezkuntza komunitatean nahasmena areagotu ordez ratioak murriztu eta plantilla handitzeko eskatu dio EH Bilduk Uriarteri


Ikasturte hasierari begira Hezkuntza Sailak prestatutako protokoloa ez da nahikoa, ohartarazi du Ikoitz Arresek. “1.000 irakasleren kontratazioa iragarri du sailburuak, baina kopuru horrek ez du ezer konpontzen”. Ratioak murrizteko eta plantilla handitzeko proposamena aurkeztu du.

| 2020-08-31 14:16:00

EH Bildu kezkatuta agertu da gaur Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak ikasturteari begira iragarritako protokoloarekin, ez baitu hezkuntza komunitateak dituen beharrak asetzeko balio. Ikoitz Arreseren esanetan, Jaurlaritza “berandu eta presaka” ibili da eta “hezkuntza komunitatea eta herritarrak are gehiago nahastu ditu, ez du ziurtasunik eman eta berriz ere inprobisatua den protokolo hutsala  aurkeztu du. Ziurtasunak eman beharrean, galderak ugaritu besterik ez ditu egin”.
Sailburuak 1.000 irakasle gehiagoren kontratazioa iragarri zuen, neurri nagusi gisa, baina, EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz, “kopuru horrek ez du ezer konpontzen”, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1.000 ikastetxe inguru daudela kontuan hartuta. Gainera, salatu du, ez dago inolako zehaztapenik kontratazio horien inguruan. “Noiz egingo da kontratazio hori? Zer gertatzen da ordezkoekin? Zein ikastetxeetara bidaliko dira? Zein hezkuntza-sareetan? Plantillako bestelako langileekin asmoa zein da, kontratazio gehigarririk ez egitea? Ratioak aipatu ere ez dira egiten. Hau oso larria iruditzen zaigu eta benetan plantilla ez handitzeko aitzakia”.
Musukoak banatzea ere aurreikusita dago Hezkuntza Sailaren protokoloan, 800.000 ikasturte hasieran eta 500.000 hilero, baina, Arresek gogora ekarri duenez, “ikasleak soilik kontuan hartuta, 400.000 inguru ditugu; beraz, nola uste du Uriartek segurtasuna bermatuko dela baldin eta hilean ikasle bakoitzari musuko bakar bat egokituko bazaio?”.
Itzulera mailakatuari dagokionez, Arrese horren alde agertu da, baina ez Jaurlaritzak hezkuntza zikloen arabera planteatutako moduan. “Itzulera mailakatua izan behar da tokian tokiko osasun egoeraren arabera eta udalekin zein bertako komunitatearekin adostua. Uriartek, ordea, ez du kontuan hartu tokian toki egon daitezkeen egoera epidemiologiko ezberdinak, eta ikastetxeren batean kutsatze kasurik balego, inongo argipenik ez. Ikasle bat etxean gelditu behar bada, nola jarraituko du bere hezkuntza prozesuarekin? Zein irakasle arduratuko da bere on-line eskolaz? Non daude behar bereziak dituzten ikasleentzako baliabideak?”.
Hezkuntza Sailaren protokoloa ez da nahikoa, inondik inora; beraz, EH Bilduk legez besteko proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean, “hezkuntza komunitateak dituen beharrak asetzeko, ikasleen hezkuntza prozesua erdigunean jartzeko eta komunitate guztiaren osasuna bermatzeko”. Arresek azaldu duenez, “emergentzia egoera honi osasun bermeekin eta pedagogikoki modurik egokienean aurre egin ahal izateko  ezinbestekoak diren neurriak erroldatu ditugu”. Hala, EH Bilduk gelako ikasle ratioak etapa guztietan 15era murriztea proposatu du, bai eta horretarako eskolako arlo ezberdinetan beharrezkoak diren kontratazioak egitea eta azpiegiturak egokitzea ere, udalekin elkarlanean. Halaber, “euskarak hilabete guzti hauetan izan duen galera berreskuratzeko plan berezitua martxan jartzea eta curriculuma malgutzeko aukerak eskaintzea” planteatzen da legez besteko proposamenean, betiere neurri guztiak hezkuntza komunitatearekin adostuta.