Legebiltzarra

Albisteak

Hauteskundeak direla eta bertan behera geratu ziren lau lege berreskuratu ditu EH Bilduk, tramitazioa amaitzeko


EH Bilduk indarkeria matxista kasuetan zaintza partekatua ukatzeko, ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko, euskara doan ikasteko eta Herri Kontuen Epaitegiaren Legea aldatzeko lege proposamenak aurkeztu ditu berriz, aurreko legealdian hasitako tramitazioa burutzeko. Jaurlaritzak koherentziaz jokatzea eta prozedura ez oztopatzea espero du koalizioak.

| 2020-09-15 10:07:00

Maddalen Iriartek inbestidura saioan iragarritako programa legegilea errealitate bihurtzen hasi da EH Bildu. Lau lege proposamen erroldatu ditu jada Legebiltzarrean, aurreko legealdian tramitatzen hasi baina, hauteskundeak aurreratzearen ondorioz, bertan behera geratu zirenak. Orain, legealdi berria hasita, koalizioak lau legeak berreskuratu ditu, euren tramitazioa amaitu ahal izateko. Lehenengoak gurasoen banantze edo haustura kasuetan zaintza partekatua arautzea du helburu, indarkeria matxistagatik auzipetutakoei seme-alaben zaintza ukatzeko; bigarrenak ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzea planteatzen du; hirugarrenak euskara doan ikasteko eskubidea arautzen du; laugarrenak, azkenik, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren jardunean objektibotasuna eta neutraltasun politikoa bermatzea du xede.

Pasa den legealdian Jaurlaritza lau lege proposamenak tramitatzearen alde agertu zen eta, irizpide horri jarraituz, EAJ eta PSEko legebiltzarkideek horren aldeko boza eman zuten osoko bilkuran. Hala, Urkulluk hauteskundeak deitu zituenean lege horien tramitazioa bidean zegoen, kasu batzuetan oso aurreraturik. Hori dela eta, EH Bilduk oraingoan ere proposamenak tramitera onartzea espero du, legeak onartu ahal izateko.