AKTUALITATEA


| 2022-03-09 16:08:00

Legebiltzarrak Jaurlaritzaren 2021-2024 Gizarte Ekonomiaren Plan Estrategikoa izan du gaur eztabaidagai. EH Bilduk gizarte ekonomiako eragileek Lanbideko administrazio kontseiluan ordezkaritza izan dezatela proposatu du berriz ere, ez duelako ez logikarik ez justifikaziorik Confebask enpresa munduaren ahots bakarra izatea Lanbiden, kooperatibismoak euskal ekonomian duen garrantzia ukaezina denean. Tamalez, EAJ eta PSE EH Bilduren proposamenaren kontra agertu dira berriro eta, ondorioz, Lanbiden Confebaskek enpresen ordezkari bakarra izaten jarraituko du.

Gobernukideek koalizio independentistaren proposamen batzuk onartu dituzten arren, gaurko eztabaidak ez du balio izan Jaurlaritzak gizarte ekonomiari ematen dion tratamenduan egin beharreko jauzi kualitatiboa egiteko. Leire Pinedok adierazi duenez, “ekonomia sozialak gainerako eragile ekonomikoekin batera egon behar du mahaian, eta Gobernuaren interlokutorea izan behar du, baina horretarako gizarte ekonomiako eragileek parte hartu behar dute euren ezagutza baliagarria den espazio guztietan”. Hori dela eta, ohartarazi du Pinedok, “EH Bilduk ez du etsiko ekonomia soziala Lanbiden ordezkatuta egon arte”.

Legebiltzarkidearen aburuz, “gizarte ekonomia bidea da ezberdintasun sozialak murrizteko, aberastasunaren banaketa justuago bat sustatzeko, lan duina indartzeko, ekoizpen eta kontsumo arduratsua bultzatzeko eta, finean, herri justuago bat eraikitzeko”. Horren ildotik, Pinedok azaldu du EH Bilduk Klausula Sozialen Lege berri bat eskatu duela, lan baldintza duinak bermatzeko eta prekarietatea saihesteko, baina EAJk eta PSEk kontrako botoa eman dute.