Legebiltzarra

Albisteak

Euskaltelen sarearen salmenta beste urrats bat da diru publikoarekin sortutako enpresa bat guztiz pribatizatzeko


EH Bildu kezkaturik agertu da “mundu osoan digitalizazioa politika publikoen erdigunean kokatzen ari den momentuan, hemen, sektore publikoaren presentzia areagotu ordez, kontrako norabidean ari garelako”. Euskaltelen pribatizazioaren erantzukizuna Jaurlaritzari egotzi dio.

| 2020-12-18 15:12:00

EH Bilduren iritziz, Euskaltelek bere telekomunikazio sarea atzerriko inbertsio funtsei saltzeko asmoa duen albistea “oso negatiboa da, beste mugarri bat delako enpresa osoaren pribatizazioaren bidean”. Iker Casanovak salatu duenez, “diru publikoarekin sortu zen enpresa bat guztiz pribatizatzen ari da eta espekulazioaren jomuga bihurtu da”.
Horren haritik, EH Bilduko legebiltzarkideak kezkagarritzat jo du Euskaltelek hartutako bidea, “mundu osoan digitalizazioa politika publikoen erdigunean kokatzen ari den momentuan, hemen, telekomunikazioen sektorean publikoaren presentzia areagotu ordez, kontrako norabidean ari garelako”.
Casanovak Jaurlaritzari leporatu dio zuzenean Euskaltelen pribatizazioaren ardura, prozesu hori enpresan zeukan parte-hartzea murriztuz (salduz) abiatu zuelako eta orain jarrera pasiboa erakusten ari delako prozesu horren aurrean. “Pasibotasun hori gaur ezagutu dugun albistearen atzean dago”. Bada, Casanovak azalpenak eskatuko dizkio Legebiltzarrean Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen sailburuari, argitu dezan zein diren Gobernuaren asmoak Euskaltelekiko, duela hilabete batzuk enpresaren akzioak erosi eta parte-hartzea handituko zuela iradoki zuen arren, hori ez duelako ezertan gauzatu.