AKTUALITATEA


| 2022-12-20 14:56:00

EH Bilduk, legez besteko proposamen baten bitartez, Elikadura Katearen Behatokiaren lanak bizkortzeko eskatu dio Jaurlaritzari, bi hilabeteko epean baserritarren produktuen ekoizpen kostuen txostenak argitaratu ditzan eta, txosten horiek kontuan hartuta, kontratuak ikuskatu ditzan. “Horrela –azaldu du Itxaso Etxebarriak– Elikadura Katearen Legea betetzen dela ziurtatu ahalko genuke, kontratu berriak sinatzean eta indarrean daudenak eguneratzean ekoizpen kostuak aintzat hartu eta bermatzen direla ziurtatzeko. Gezurra dirudi, baina gaur hori ez dago bermaturik, eta kasu askotan baserritarrak euren produktuak ekoizpen gastuen azpitik saltzera behartuta daude; hau da, dirua galtzen dute haiek ekoiztutako produktuak saltzean”.

Etxebarriak urrian aurkeztu zuen proposamen hori, eta Enba sindikatuak ere neurri horiexek hartzeko beharra mahai gainean ipini du orain, atzo bertan. Etxebarriak Jaurlaritzak gai honetan duen ardura azpimarratu du, “ekoizpen kostuak estaltzen direla kontrolatzeko eskumena hari dagokiolako 2013az geroztik, baina bederatzi urte pasatzen utzi ditu lan hori egin behar duen organoa sortu gabe, Elikadura Katearen Behatokia aurten, maiatzean, hain zuzen ere, martxan ipini duelako”. Azaldu duenez, “kontratuetan ekoizpen kostuak bermatzea Lehen Sektorearen aldarrikapen historikoa izan da, eta krisiak horren premia areagotu du orain”.

Legebiltzarkide independentistaren proposamenak bigarren zati bat dauka, Lakuari tokiko produktuen kontsumo arduratsua sustatzeko eskatzen baitio. “Garrantzitsua da Gobernuak ekoizpen kostuak eta, elikadura katearen marjinak bidezkoak balira, produktuak dendan izan beharko lukeen prezioa sozializatzea, modu horretan kontsumitzaileek datuak eta irizpideak izango dituztelako legean ezarritakoa betetzen dituzten produktuak aukeratu ahal izateko”.