AKTUALITATEA


| 2021-05-20 14:38:00

EH Bildu akordio batera iritsi da Legebiltzarrean EAJ eta PSErekin Araban, Miñaoko Parke Teknologikoan, azken belaunaldiko baterien eskala handiko ekoizpen-zentro bat, gigafaktoria bat, alegia, eraikitzeko. Hala, koalizioaren ekimenez, Parlamentuak proiektu hori sustatzeko eskatu dio Jaurlaritzari eta Parke Teknologikoa handitzearen alde agertu da, horrelako zentro batek eskatzen dituen baldintzak bete ahal izan ditzan. Izan ere, une honetan funtsezkoa da Ikerketa eta Garapenaren sektoreari bultzada ematea energia-biltegiratzearen arloan eta, bereziki, belaunaldi berriko baterien arloan.
EH Bilduk sustatutako akordioak gigafaktoria eraikitzeko beharrezkoak izango diren finantziazio iturriei ere begiratzen die. Ahalegin publikoa eta pribatua bateratu beharra onartuta, Europar Batasunaren Next Generation funtsak erabiltzea proposatu eta proiektuaren kapital sozialean parte hartzeko eskatzen dio Urkulluren Gobernuari, “proiektuaren errotzea sustatzeko eta interes orokorra bermatzeko”. Halaber, akordioaren arabera, Arabako automobil sektoreko enpresa nagusien parte-hartzea ere sustatu beharko lukete instituzioek.
Mikel Otero pozik agertu da akordioarekin eta horren garrantzia azpimarratu du, gigafaktoria eraikitzea ezinbestekoa delako Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian estrategikoa den automozioaren sektoreak etorkizuna izan dezan. Izan ere, “sektorea azken 100 urteetako eraldaketarik sakonenean murgildurik dago, motore termikoen amaiera eta automobilen elektrifikazioa joera geldiezina baita”. Bada, “ibilgailu elektrikoen baterien ekoizpena funtsezkoa da sektorearentzat eta bateriak ekoizten ez dituzten herriek oso zail izango dute etorkizunean; argi dago, beraz, Euskal Herria ezin dela prozesu horretatik kanpo geratu eta gigafaktoria eraikitzeko proiektua estrategikoa dela”.